TRAFIKOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Pertsona bat hil da AP-15 autobidean, Castejonen izandako istripu batean

Azken 15 urteetako hildako kopururik handiena utzi du urteak Nafarroan, eta oraindik ez da amaitu. Jada 45 dira aurtengo hildakoak.

28 urteko gizonezko bat hil da eta 32 urteko beste bat larri zauritu da astelehen honetan, AP-15ean, Castejonen, auto batek beste auto baten aurka talka egin ostean. Jada 45 dira aurtengo hildakoak Nafarroako auto istripuetan; alegia, azken 15 urteetako hildako kopururik handiena utzi duen urtea.

Ezbeharra autobidearen 7. kilometroan gertatu da, Zaragozarako noranzkoan, Castejonen.

Bi autok talka egin dute ibilgailuetako bat aurreratzen ari zirenean. Aurreratzen ari zen ibilgailuak kontrola galdu du talkaren ondoren, eta hainbat itzulipurdi egin ondoren, bi bidaiariak harrapatuta geratu dira.

Larrialdiak kudeatzeko SOS Nafarroa 112 zentroak 09:40an jaso du istripuaren berri, eta Tuterako parkeko suhiltzaileak, bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia bat (medikalizatua), oinarrizko bizi-euskarria duen anbulantzia bat, Corellako mediku-talde bat, Audenasako langileak eta Bide Segurtasuneko patruilak eta Foruzaingoaren Tuterako eta Iruñeko polizia-etxeetako argiketa-taldeak bertaratu dira.

Larrialdi-zerbitzuek ezin izan dute ezer egin kopilotuaren bizitza salbatzeko. 28 urteko gizonezkoa bertan hil da. Gidaria, 32 urteko gizonezko bat, larri zauritu da toraxeko traumatismo batekin, eta Tuterako Sofia Erregina Ospitalera eraman du anbulantzia medikalizatuak. Bestalde, beste ibilgailuko bidaiariak onik atera dira.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Goiz korapilatsua Txorierriko errepideetan, Asua parean bederatzi autoren artean izandako talka baten ondorioz

Istripuaren ondorioz, bideko lau erreietatik hiru itxi behar izan dituzte puntako orduan, eta auto-ilara luzeak sortu dira inguruan: Artatzan, Arrontegin, Barakaldon eta Gurutzetan. Behin ibilgailuak bidetik kenduta, egoera bere onera itzultzen joan da. Arazoak izan dira, halaber, A8an, Kantabriarako noranzkoan, San Mames parean istripu bat izan baita. Gipuzkoarako noranzkoan, gainera, trafikoa astuna izan da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X