Euria gorabehera, giro ederrarekin ospatu dute San Tomas Bilbon eta Donostian
Negu giroa nagusitu da, baina horrek ez ditu bisitariak kikildu, eta milaka pertsona ibili dira Bizkaiko hiriburuan eta Gipuzkoakoan hara eta hona.
Donostiako Konstituzio Plaza, gainezka, gaur goizean. Argazkia: EFE
Taloak txistorrarekin, baratzeko produktuak eta, batez ere, giro ona. Osagai horiek izan dira nagusi gaur Bilbon eta Donostian, San Tomas eguneko azokan.
Bizkaiko hiriburuan, goizean goizetik, euria izan da azokaren protagonistetako bat. Eguraldiak, baina, ez ditu bisitariak uxatu, eta milaka dira aterkia hartuta bertara joan direnak.
Donostian, aldiz, ateri abiatu da eguna, baina euritara jo du eguerdi aldera. Eguraldia gorabehera, Poxpolin, ia 400 kiloko duroc arrazako txerrama mistoa, izan da protagonista nagusia Konstituzio Plazan.
Batean zein bestean, baserriko produktuen garestitzea izan dute hizpide bisitariek. Arrautzak nabarmen karutu dira, eta 4'5 euroan saldu dute dozena. Taloak, berriz, 5,30-7 euroan eskaini dituzte.
Eztia 13 euroan izan da eskuragarri, eta txakolina, 8-10 euroan; merkeago saldu da sagardoa, 5 euroan. Gernikako indaba 20 euroan izan dute salgai, eta txorizo kiloa, 28,5 euroan. Gazta kiloa 20-30 euroan izan dute, eta txoripana, 3 euroan (aurreko urteetan, 2 euroan eskura zitekeen). Gaztainak 7 euroan saldu dituzte, eta euskal pastelak, 13-14 euroan.
Gipuzkoako hiriburuko azokara joan direnek, salmenta postuez gozatzeaz gain, gustu eta adin guztietarako jarduerak izan dituzte bisitari guztien gozamenerako. Donostia Kultura Festak elkarteak, hainbat elkarte eta erakunderekin elkarlanean, landa-produktuak, Donostialdeko eztia, txorimaloak, txistorra eta euskal jantzi tradizionalak ezagutzera emateko lehiaketa ugari programatu ditu gaurko.
Bilboko 76. San Tomas Azokak tradizioa eta gastronomia iraunkortasun eta elkartasun balioekin uztartu ditu. BBK-k, Bilboko Udalak eta Bisubi Bizkaiko Sukaldarien Bilkura Fundazioak egindako aurreikuspenen arabera, aurten ere 100.000 bat bisitari izan dira.
Aterkiak nagusi Bilboko San Tomas azokan. Argazkia: EFE
243 postu paratu dituzte Areatzan, 20:00ak arte. Horien artean, 166 saltokitan baserriko produktuak saldu dituzte, 117 saltokitan ekoizleen produktuak izan dira salgai, eta 12 txosna izan dira San Tomas eguneko gastronomia- eta jai-eskaintza osatzen.
Gainera, BBK Klima proiektuak parte hartzeko dinamika bat abiatu du aurten, hondakinak zuzen kudeatzea sustatzeko eta jai efiziente, jasangarri eta ingurumenari begira garbiagoa izateko.
Zure interesekoa izan daiteke
Auzitegi Nazionalak Flotillako kideak torturatzeagatik ere ikertuko ditu militar israeldarrak
Euskal Hirigune Elkargoa ikertzen ari dira ur zikinak itsasora isurtzeagatik
Alzheimerra geldiarazteko gai diren bi botikak gizarte segurantzan sartzeko galdegin dute neurologo eta elkarteek
Aita Mennik lehen hiru solairuak ireki ditu berriro, hildako bat eta 18 zauritu eragin dituen sutearen ondoren
Pertsona bat atxilotu dute Ceuta Ya!-ko diputatuaren autoaren aurkako erasoagatik