Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du, mendateen egoera bertatik behera jarraitzeko
Jarraipen eta informazio fasea martxan jarrita, elurra kentzeko 215 makina, ibilgailu astunak erretiratzeko 7 garabi eta 130 laguntza-ibilgailu izango dira behar denerako prest.
Ertzaintza, elurtutako inguru bat zaintzen. Argazkia: Irekia
Negua hastearekin batera, eta elurra maila baxuan (1.000 metrotik behera) egin dezakeela eta, Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du, jarraipen eta informazio fasean. Hala, EAEko mendateen egoera bertatik bertara jarraituko dute, eta, beharrezkoa bada, baliabideak bideratu eta herritarrak ohartaraziko dituzte.
2025-2026rako Neguko Bidezaintza Planak iazko baliabide kopuru berari eutsiko dio. Horrela, elurra kentzeko 215 makina izango dira prest, baita ibilgailu astunak erretiratzeko 7 garabi handi ere puntu estrategikoetan. Halaber, koordinazio- eta zaintza-lanetan laguntzeko 130 ibilgailu ere izango dira erabilgarri. Horiei guztiei Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta beharren arabera bideratuko dira beharrezko baliabide guztiak. Negu honetarako, 28.500 tona gatz eta 775.000 litro gatzun dituzte prest.
Planak bi fase ditu: jarraipen eta informazio fasea, elur-maila 1.000 metroko altueratik jaisten denerako, eta fase operatiboa, 700 metrotik behera heltzen denerako.
Iazko neguan, hiru aldiz aktibatu zen informazio fasea, aurrekoan baino bi aldiz gutxiago, eta hirutan, berriz, fase operatiboa. Iaz inoizkorik gutxien aktibatu zuten operatiboa.