Martinez sailburuaren esanetan, gripea erritmo "onean" doa beheraka Euskadin, nahiz eta Gabonetako jaien ostean gorakada "puntuala" egon daitekeen
Osasun sailburuak baieztatu du kasua kopurua hirugarren astez jarraian ari dela jaisten, eta hala jarraituko duela espero du, baina ohartarazi du oraindik "data arriskutsuak" direla. Martinez pozik agertu da, halaber, herritarrek eta osasun-profesionalek txertaketari emandako "ezohiko erantzunagatik".
Alberto Martinez Osasun sailburuak baieztatu duenez, gripe-kasuek behera egiten jarraitzen dute Euskadin, erritmo "garrantzitsuan", hirugarren astez jarraian, eta "ziur" agertu da jaisten jarraituko duela, nahiz eta Gabonetako jaien ostean "gorakada puntuala" gerta daitekeen.
Euskal Osasun Ituna martxan jarri zenetik sei hilabete igaro direla-eta Martinezek astelehen honetan egin duen agerraldian egin ditu adierazpenok sailburuak, eta ohartarazi du oraindik "arriskuzko datak" direla, "senideen eta, oro har, pertsonen bilkurengatik".
Gripea faktore askoren mende dagoen heinean, datozen egunetarako iragarrita dagoen "eguraldi txarra" barne, ahalik eta babes-neurri gehien hartzeko beharra oroitarazi du, eta baieztatu duenenz, "une honetan, behera egiten jarraituko duela espero dugu, nahiz eta jaien ostean gorakada gertatu daitekeen; baina, joerari eutsiz gero, jaisten jarraituko duela espero dugu".
Bestalde, adierazi duenez, pozik dago txertaketaren aurrean herritarrek eta osasun-arloko profesionalek izan duten "ezohiko erantzunarekin"; izan ere, iazko aldean % 12 egin du gora txertaketa kopuruak.
Profesionalen artean ere, igoera ohiko % 20tik gorakoa izan dela gaineratu du, "% 48ra iritsi da, profesionalen ia erdiak dira horiek". Sailburuak nabarmendu duenez, horri esker "gripeak ez du ia eraginik izan jarduera kirurgikoan".