Igorreko errugbi taldeko presidentea atxilotu dute, ordaindu ez duten Gabonetako loteriaren harira
Administrazio desleialaren delitu bat eta iruzur delitu bat leporatu dizkiote. Izan ere, Arratiko Zekorrak Rugby Taldeak 90693 zenbakiaren hainbat dezimo erosi zituen Gabonetako loterian jokatzeko, eta hirugarren sari bat egokitu zitzaion, baina klubak ez du diru nahikorik saria ordaintzeko, erositakoa baino gehiago saldu baitzuen partizipaziotan "akats baten ondorioz".
Igorreko errugbi taldeko presidentea, lehena eskuinetik hasita, saria ospatzen. Argazkia: EITB
Igorreko errugbi taldeko presidentea atxilotu dute ostiral honetan, klubak ordaindu ez duen Gabonetako loteriaren harira jarritako salaketekin lotuta, EITBk jakin duenez. Zehazki, administrazio desleiala eta iruzurra leporatu dizkiote.
Hala, Igorreko errugbi taldeko presidenteak sei urtera arteko kartzela eskaerari egin diezaioke aurre.
Klubeko arduraduna, 53 urtekoa, epailearen esku utziko dute beharrezko eginbideak amaitu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera.
Ertzaintzak ehun salaketa baino gehiago jaso ditu orain arte, Arratiko Zekorrak Rugby Taldearen Gabonetako loteria ez ordaintzeagatik.
Taldeak onartu egin du 90693 zenbakiaren partizipazio gehiegi saldu zituela, "akats baten ondorioz"; behar baino 225 gehiago. Gabonetako loteriaren 3. sari bat egokitu zitzaion, eta orain klubak ez du nahikoa diru saria kobratu ez duten saridunei ordaintzeko; 2,7 milioi euro inguru falta ditu.
Kaltetuek egindako kalkuluen arabera, 287 dira kobratu ez dituzten txartelak; beraz, ia 2,8 milioi euroko zorra omen du Arratiako errugbi taldeak .
Klubaren zuzendaritzak azaldu duenez, ordaintzeko dirua agortu zitzaienean ohartu ziren akatsaz. Txartel saritu bakoitzeko 10.000 euro ordaindu behar ditu klubak.
Guztira, 1.425 partizipazio saldu omen zituzten, 1.200 izan beharrean. 5 euroko txartelak saldu zituzten, eta erosleek txartel bakoitzeko 4 euro jokatu zituzten Gabonetako loterian eta 1 dohaintzan eman zioten klubari.
Salaketa guztiak atestatu berean ikertzen ari dira, iruzur delitu bat izan den argitzeko, Segurtasun Saileko iturrien esanetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera