ZIENTZIA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Donostia International Physics Centerreko laborategi kuantiko berriko zuzendaria urteko zientzialari izendatu dute, Austrian

Francesca Ferlaino 2025. urteko zientzialaria izendatu du Austriako Zientzia eta Hezkuntza Kazetarien Elkarteak, eta bere "ikerketa-lana eta komunikaziorako pasioa" goraipatu ditu.

Francesca Ferlaino. Argazkia: DIPC.

Francesca Ferlaino, Donostia International Physics Centerreko (DIPC) laborategi kuantiko berriko zientzialari arduraduna, 2025. urteko zientzialari izendatu du Austriako Zientzia eta Hezkuntza Kazetarien Elkarteak. Bere ibilbidean zehar egindako "ikerketa-lan nabarmena eta zientzia kuantikoak herritarrei helarazteko azaldutako grina" aipatu dituzte.

DIPCek jakinarazi duenez, lorpen ugari egin ditu Ferlainok azken hamarkadetan. Besteak beste, 2012an lortu zuen erbiozko atomoz osatutako Bose-Einsteinen —propietate atomiko apartak dituen gutxi esploratutako espezie atomikoa— lehen kondentsazioa egitea. 2018an, erbioaren eta disprosioaren lehen fusio kuantiko dipolarra egitea lortu zuen. 2019an, materiaren egoera berri bat sortzea lortu zuen, supersolidoa izenekoa, eta, 2021ean, bi dimentsiotako supersolidoak sortu zituen.

Azken 20 urteetan, Innsbruckeko Unibertsitateko Fisika Esperimentaleko Departamentuan egin du ikerketa, eta, 2014tik, Austriako Zientzien Akademiako (ÖAW) Optika Kuantikoaren eta Informazio Kuantikoaren Institutuko (IQOQI) zuzendari zientifikoa da, Innsbrucken. 

Ferlaino 2024an iritsi zen Donostiako DIPCra, etorkizuneko Atomo Ultrahotzen Teknologia Kuantikoen Laborategia diseinatu eta lema hartzeko. Laborategi hori DIPCren eraikin berrian kokatuko da.

Zientzialariaren hitzetan, "ohore handia" da "ospe handiko izendapen" hori jasotzea. Azpimarratu du "sinetsita" dagoela zientzia ez dela "ahalegin isolatua, ondasun partekatua baizik" eta bere "ezagutza trukatzean eta komunikatzean, balioa handitu egiten da". Sariak "komunikazio zientifikoaren garrantziari" ematen dion aintzatespena azpimarratu du Ferlainok.

Bestalde, Ricardo Diez Muiño DIPCko zuzendariak nabarmendu duenez, "Francesca Ferlaino Europako fisika kuantikoko zientzialari garrantzitsuenetako bat da", eta "harro" agertu da DIPCn teknologia kuantikoen laborategi berri bat garatzea aukeratu duelako.

Francesca Ferlainoren ikerketa tenperatura ultrahotzetan dauden gas atomikoen fenomeno kuantikoetan oinarritzen da. Ferlainoren laborategia Ibaetako Milia Kuantikoaren parte izango da, eta DIPCko laborategiko zuzendari gisa betetzen duen eginkizuna uztartu egingo du Innsbruckeko Unibertsitateko Fisika Esperimentaleko Institutuan eta Austriako Zientzien Akademiako (ÖAW) ardurekin.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X