SEGURTASUNA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ertzaintzak segurtasuna indartu du Bilbon, Athletic-Sporting Portugal arrisku handiko partida dela eta

Zale portugaldarrak ezin izango dira San Mamesera sartu, aurreko partida batean material piroteknikoa erabiltzeagatik zigortuta daudelako. Halere, 1.500 bat jarraitzaile inguru iritsi dira Bilbora, sarrerarik gabe. 

 

athletic segurtasuna ertzaintza-san-mames-dispositivo-efe
Artxiboko irudia.

Segurtasun dispositibo berezia ezarri du Ertzaintzak gaur Bilbon, Kirol Ikuskizunetako Indarkeriaren Aurkako Batzorde Nazionalak Athletic eta Sporting Portugal taldeen arteko partida arrisku handikoa izendatu ondoren. 21:00etan hasiko da norgehiagoka, San Mamesen. 

Zale portugaldarrek ezingo dute estadiora sartu, aurreko partida batean material piroteknikoa erabiltzeagatik zigortuta baitaude. Halere, 1.500 bat jarraitzaile Bilbora iritsi dira gaur, sarrerarik gabe. 

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak baieztatu du "agente kopuru garrantzitsua" aktibatuko dutela, San Mames inguruan segurtasuna zaintzeko. Zehaztu du ez direla debekatuko "modu ordenatuan" egindako “animazio ekintzak”.

Isunak, bengalen erabileragatik

Halaber, Zupiriak jakinarazi du Euskadi-Palestina partidaren harira, Kirol Ikuskizunetako Indarkeriaren Aurkako Batzorde Nazionalak isun bana proposatu dituela Euskadiko Futbol Federazioaren eta partidan bengala bat bota zuen zalearen kontra; futbol federazioarentzat 60.000 eurokoa, San Mames inguruan bengalekin izan ziren arazoengatik, eta zalearentzat 10.000 eurokoa, bengala bat bota eta pertsona bat zauritzeagatik. 

Sailburuaren arabera, bengalen gaia kezka iturri da Segurtasun Sailean. "Ertzainburuek behin eta berriro adierazten didate kezkatuta daudela, bengala horiek kalte egiten dutelako eta zenbait girotan asko erabiltzen direlako", azaldu du.

Esan duenez, "pertsonen segurtasuna"  dago jokoan. "Hemen arriskua dago. Ez da bengalen aurka egotea egoteagatik. Pertsonen segurtasunaren aurkako jokabidea da eta zenbait kasutan errazegi erabiltzen dira". 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Goiz korapilatsua Txorierriko errepideetan, Asua parean bederatzi autoren artean izandako talka baten ondorioz

Istripuaren ondorioz, bideko lau erreietatik hiru itxi behar izan dituzte puntako orduan, eta auto-ilara luzeak sortu dira inguruan: Artatzan, Arrontegin, Barakaldon eta Gurutzetan. Behin ibilgailuak bidetik kenduta, egoera bere onera itzultzen joan da. Arazoak izan dira, halaber, A8an, Kantabriarako noranzkoan, San Mames parean istripu bat izan baita. Gipuzkoarako noranzkoan, gainera, trafikoa astuna izan da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X