722 larrialdi eragin ditu larunbatean Marta ekaitzak Andaluzian, eta 11.089 lagunek etxetik kanpo jarraitzen dute
Juanma Moreno Andaluziako presidenteak ohartarazi du Ubriqueko (Cadiz) beste ehun bat bizilagun ere etxetik atera ditzaketela ondorengo orduetan lur mugimenduengatik.
Andaluziako Larrialdi Zerbitzuek 722 gertakari artatu behar izan dituzte larunbat honetan, Marta ekaitzaren ondorioz. Urtarrilaren amaieratik bata bestearen atzetik iritsi dira borraska eta depresioak inguru horretara eta 11.089 pertsona etxetik atera behar izan dituzte, horietatik 7.700 Cadiz probintzian.
Andaluziako Larrialdi Agentziaren (EMA) azken balantzearen arabera, 7.707 pertsonak etxetik kanpo jarraitzen dute Cadizko probintzian, 1.500ek Kordoban, 687k Jaenen, 586k Malagan, 400ek Granadan eta 209k Sevillan.
Juanma Moreno Andaluziako Juntako presidenteak larunbat gaueko azken orduan adierazi duenez, eremu guztiak "inkomunikatuta egoteari utzi diote", baina, era berean, 150 eta 200 pertsona gehiago atera ditzakete gaur gauean euren etxeetatik Ubriquen, (Cadiz) lurraren mugimenduak direla eta.
Gaurko 722 larrialdietatik gehienak Cadizen (203) izan dira, eta, ondoren, Sevillan (171) eta Kordoban (105).
Gainera, gaurko egunez, Andaluziako Juntak laguntza eskatu die Espainiako Gobernuari eta EBri, euriteek eragindako kalte izugarriei aurre egin ahal izateko.