Uholde Arriskuari Aurre Egiteko Larrialdi Planaren 0 fasea aktibatu du Foru Gobernuak
Sei udalerri, Iruñea tartean, larrialdi aurreko mailan daude Arga, Ega, Arakil eta Urederra ibaiek gainezka egiteko arriskua dutelako. Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren arabera, horiek eta Irati eta Zidakos ibaiek gaur harrapatuko dute mailarik gorena, eta Ebrok igandean.
SOS Nafarroak Uholdeei Aurre Egiteko Larrialdi Planaren 0 fasea aktibatu du Foru Erkidegoan uholdeak izan daitezkeelako. Gogotik egin du euria azken orduetan, eta lurrak ur gehiago xurgatu ezin duenez, ibaien emaria hazten ari delako hartu du erabakia.
Larrialdiak kudeatzeko zerbitzuak 30 bat gorabehera artatu ditu 13:00etatik 18:00etara, baina ez da kalte pertsonal zein material nabarmenik izan. Tarte berean, beste 60 intzidentzia kudeatu ditu, errepidera jausitako arbolek eta ur-putzuek eraginda.
Une honetan, sei udalerri daude larrialdi aurreko mailan, Iruñea tartean, Arga, Ega, Arakil eta Urederra ibaiak gainezka egiteko arriskuan baitaude.
Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, Arga ibaiak 2,19 metroko altuera harrapatu du, eta ur emaria segundoko 208,30 metro kubikokoa; Aratzurin (Oltza Zendea), berriz, 2,75 metrora heldu da, eta segundoko 304,17 metro kubikoko emaria du. Ega ibaiari dagokionez, kezkagarria da Arquijasen (Zuñiga) eta Murietan duen emaria. Arakil ere hazita doa Etxarrenen (Arakil) eta gauza bera gertatzen da Urederra ibaiarekin Barindaon (Ameskoabarrena).
Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren arabera, litekeena da gaur Ega, Arga, Zidakos eta Irati ibaiek euren maximoa harrapatzea. Dena dela, hainbat presak (Ebro, Uribarri Ganboa, Urrunaga, Eugi, Allotz, Itoitz eta Esa) ibai horien ur emaria jaisten lagunduko dute.
Iruñean, Sadar ibaiak gainezka egin du Zaragoza etorbidean, parkean, eta igeriketa kluberako bidea itxi dute, baita korridoreetako parkingerako sarbidea ere. Gainera, Burlatako Udaltzaingoak herri horretarako sarbidea itxi du. NA-30 errepidea bi noranzkoetan itxi dute Iruñean, Foruzaingoak jakinarazi duenez.
Udaltzaingoak sare sozialen bidez gomendatu du ibaiertzera ez hurbiltzeko eta urpean dauden tokietara ez joateko, ezta pasabide edo zubietara ere, itxita badaude.
Larunbata igarotakoan, Ebro izango da igandean adi zaindu beharrekoa. Igandea arratsaldean 1500-1800 m3/s-ko maximoak espero dira Castejon parean.
Te puede interesar
Tenperatura freskoagoak udazkeneko lehen astebururako
Abisu horia beroagatik gaur barnealdean, 36 ºC arteko tenperaturak izango ditugu eta
Ohi baino epelagoa eta zertxobait hezeagoa dator udazkena
Udari agur eguzkitsua egingo diogu
Asteon, eguzki epela egunez eta freskoa gauez
Tenperaturak goranzko bidean Euskal Herrian asteburuari agur esateko
Hondartzarako girorik ez, baina tenperatura atseginak ia aste osoan
Abisu horia bero handiagatik igandean ere