Feministek kaleak hartu dituzte "beste mundu bat" posible dela aldarrikatzeko
Manifestazio jendetsuak egin dituzte Euskal Herriko hiriburu eta herrietan. Mugimendu feministak "borroka eta antolakuntza" aldarrikatu ditu "eskuin-muturraren pilatze eta beldurraren ereduaren aurrean", eta abolizionisten "jarrera transfoboak" gaitzetsi ditu.
Aldarrikapenek, salaketek eta, nola ez, ospakizunak... denek dute lekua M8an, eta horren lekuko bihurtu dira aurten ere Euskal Herriko kaleak. Elkarte feministek deituta, dozenaka manifestazio egin dituzte gure lurraldearen luze-zabalean. Martxoaren 8a aurten igandea egokitu denez, arratsaldean egin ohi diren mobilizazioak eguerdian egin dira hiriburu, hiri eta herrietan. Feministek, emakumeek zein gizonek, lepo bete dituzte bazter guztiak: pankartak, kartelak eta morea dira nonahi kale eta espaloietan, berdintasunak "merezi duen espazioa" hartu behar duela sinistuta.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, 'Beste mundu bat feminismotik' lelopean, 12:00etan abiatu dira hiriburuetako manifestazio gehienak (Baionan goizago egin dute, 11:00etan, eta Gasteizen, aldiz, 12:30ean), eta ordu berean abiatu dira hiri eta herrietan antolatutako martxak ere. Bilbon Jesusen Bihotza plazan egin dute hitzordua; Donostian, Antiguako tunelean, eta Iruñean, Antoniutti parkean.
Bilbon, manifestazioa hasi baino lehen, adierazpenak egin dituzte Irati Sierra eta Marta Perez Bilbo Feminista Saretzen kolektiboaren bozeramaileek. "Dena irensteko mehatxua egiten duten eskuin-muturra, faxismoa eta inperialismoaren gorakada" salatu dituzte, eta horien aurrean "kaleak okupatzeko" eta "borrokarako eta antolakuntzarako" deia egin diete feministei.
"Zapalkuntza logikak" bizirik dirauela kritikatu dute, eta inperialismoak "gerra, zor eta espoliazio kolpez kolonialismoaren oinordeko den mundu ordena" inposatzen duela. Are gehiago, salatu dute azkenaldian borroka feminista bera instrumentalizatzen dutela "esku-hartze militarrak eta gerrak legitimatzeko".
Martxoaren 17ko greba orokorrean parte hartzeko deia egin dute, eta abolizionistek sustatu duten zatiketaren aurrean, inor baztertuko ez duen feminismo bat aldarrikatu, eta sexu-langileak aitortzea eta transak mugimenduan sartzea defendatu dute: "Mugimendu feminista anitza da, feminismoa ulertzeko eta lantzeko modu asko daude. Beste mundu bat eraiki nahi dugu feminismotik, eta, hortaz, pertsona guztiak dira ongietorriak; ez, ordea, jarrera guztiak. Ez ditugu jarrera transfoboak eta arrazistak onartuko, eta horregatik baztertua sentitzen denak azaldu beharko du zergatik".
Ordezkari politiko, sindikal eta instituzional ugari izan dira Bilbon egindako manifestazioan. Besteak beste, Iñigo Ansola EAJren BBBko presidentea, Eneko Andueza PSE-EEko burua, Alba Garcia Sumarreko koordinatzaile nagusia edo Richar Vaquero Euskadiko Podemosen buruzagia egon dira bertan. Unai Sordo CCOOko idazkari nagusia ere Bilboko mobilizazioan egon da.
Donostiakoan, bestalde, Miren Kortajarena EH Bilduren legebiltzarkide eta Programa zuzendaria izan da.
Antzeko mezuak entzun dira Iruñean egin duten martxan ere. Amaia Zubieta Iruñerriko Mugimendu Feministako kidearen esanetan, "gerraren eta indarkeriaren testuinguruan, feminismoak posible egiten du mundu hobe eta ezberdin bat eraikitzea".
"Aliantzak josteko, antolatzeko eta borrokatzeko" deia egin du Zubietak, eta horretarako, talde antiarrazistekin, Palestinaren aldeko mugimenduarekin eta euren askatasunaren alde borrokatzen diren herri guztiekin bat egitea aldarrikatu du: "Asko lortu dugu elkarrekin, baina bide luzea dugu oraindik egiteko".
Kolore gorria nagusi, Itaiaren manifestazioetan
'Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki' lelopean mobilizatu da Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialista Euskal Herriko 6 hiriburutan eta 21 herritan manifestazioak deituta.
Gaurko mobilizazioetan salatu dutenez, "alderdi eta agitadore faxisten eskutik, ideia eta jarrera matxistak normalizatzen ari dira gizartean". Horien aurrean alferrikakoak dira ezker instituzionalaren eta alderdi sozialdemokraten jarduna, horien ustez, eta defendatu dute "beharrezkoa" eta "urgentziazkoa" dela "emakume langileon zapalkuntza amaitzeko alternatiba iraultzailea eraikitzea".
Horrez gain, aurten lehen aldiz, talde abolizionistak mugimendu feministaren deialditik bereizi dira. Euskal Herriko Feminista Abolizionisten Koordinakundeak (EHFAK) Hego Euskal Herriko 4 hiriburutan eta Durangon egin ditu martxak; Coordinadora 8M Euskal Herriko Mugimendu Feminista taldeak, bestalde, 12:30erako egin ditu hitzorduak Bilbon eta Iruñean.
Bilbon, 100 bat lagunek hartu dute parte abolizionisten manifestazioan. Begoña Ferro Lanbroa talde feministako kide eta mugimenduaren bozeramaileak bertan nabarmendu duenez, "pornografia, prostituzioa, gestazio subrogatua eta genero abolizioaren kontra borrokatzen ez duen gizarte bat ez da inoiz gizarte berdinzalea izango".
Horren hitzetan, "zaila" zen eurentzat oinarrizkoak diren aldarrikapenok Mugimendu Feministaren mobilizazio ofizialean mahaigaineratzea, eta, hala, deialdi bereizi batean aldarrikatzeko "beharra" sentitu dutela.
Honako taldeek babestu dute Bilboko manifestazioa: Abolicionistas Callejeras, Mujeres Libres, Supervivientes en Accion, Astrabuduako Talde Feminista, Bizkaiko Emakume Feminista Erradikalak eta Lanbroa.
Aipatzekoa da kontramanifestazio bat izan dela abolizionisten martxaren aurka. 20 bat manifestarik "Sexu-lana lana da", "Transmisoginia da zure matxismoa" edota "Hormonak denontzat edo inorentzat ez" idatzita zituzten kartelak erakutsi, eta abolizionismoaren kontrako oihuak egin dituzte.
Zure interesekoa izan daiteke
Elkarbizitza arazoak bainularien eta erabiltzaileen artean Euskal Herriko portuetan
Uretara salto egitea ohikoa da Euskal Herriko portuetan, debekatuta dagoen arren. Hori dela eta, bizikidetza-arazoak sortzen ari dira. Zenbait portutan jokabide arriskutsuak ikusten dira eta kalteak izan dira ontzietan. Eusko Jaurlaritzak egoeraren larritasunaz ohartarazi du, eta 2.000 eta 12.000 euro arteko isunak ezar daitezkeela gogoratu du.
Euri eskasiak hilabete eta erdi aurreratu du transhumantzia Nafarroan
Pirinioetatik Bardearako bidean, Enrique Ballent artzain transhumantearekin izan gara. 1.800 buruko artaldea gidatuko du, bazka bila. Izan ere, klima aldaketaren kontraesanak tarteko, jateko gehiago dago basamortuan goi mendietan baino.
Oiartzunen ustez pistolarekin egindako hiru lapurreten egilea atxilotu dute Hondarribian
23 urteko gaztea espetxeratu egin dute. Lapurretetan erabilitako arma fogeo-pistola bat zela egiaztatu dute.
Gizon bat atxilotu dute Getxon, kalean emakume bati sexu erasoa egiten harrapatu ostean
Erasoa 05:00etan jazo da, Algorta auzoan, San Inazio jaietan. 19 urteko biktima Gurutzetako Ospitalera eraman dute. Algortako Mugimendu Feministak eraso matxista salatzeko bilkura egin du igande arratsaldean.
Auroroek Andre Maria Zuriaren jaien etorrera iragarri dute
Urtero bezala, Gasteizko hirigunea eta Alde Zaharra zeharkatu dituzte zaindariaren omenezko kantuekin, jai-giroari hasiera emanez.
Testigantza berriek agerian utzi dituzte Mitikako zaindariek Kerman Villate hil aurretik behin eta berriz egindako erasoak
Gasteizko diskoteka horretako segurtasun-langileek Kerman hil aurreko hilabeteetan egindako eraso jakin batzuen berri eman dute lau gaztek Radio Euskadin, esklusiban, erreportaje batean. Kasu guztiak Ertzaintzaren aurrean salatu zituzten.
Bizkaiko Aldundiak zisterna kamioiak eramango ditu Karrantzara ur hornidura bermatzeko
Astelehenetik ostiralera, 250 metro kubiko garraiatuko ditu egunero foru erakundeak Enkarterriko udalerriko hornidura bermatzen laguntzeko.
17 urteko gizonezko bat atxilotu dute Gipuzkoan, adingabeak estortsionatzen zituen 764 Sarearen Espainiako buruzagitzat jota
Ertzaintzak, Esquadra Mossoek eta Guardia Zibilak elkarlanean egindako operazioan atxilotu dute, 2026ko urtarrila eta apirila bitartean ikastetxeen, udalen eta beste erakunde batzuen aurkako mehatxu ugari bidali izana egotzita.
Ikuskizunetako teknikariek abuztuaren 5erako deitutako grebarekin bat egingo dute Gasteizko txosnek
45 ikuskizun izango dira txosnetan, eta, horrez gain, beste hamaika proposamen kolektibo ezberdinen eskutik. Dozenaka kolektibok eta ehunka boluntariok dihardute egunotan auzolanean txosna gunea egokitzen. Testuinguru horretan, ikuskizunetako eta ekitaldietako teknikariek abuztuaren 5erako deitutako greba egunarekin bat egingo dute.
Motor gidari bat hil da Lezon izandako trafiko istripu batean
Istripua GI-3440 errepidean gertatu da, Lezon, 18.00ak aldera. Osasun arloko langileak bertaratu dira, baina ezin izan dute suspertu, eta hil egin da. Istripuaren ondorioz, zirkulazioa eten egin behar izan dute bi noranzkoetan. Gertatutakoaren nondik norakoak ikertzen ari dira.