15 urteko neska batek sexu-erasoa salatu du Urduñan, otxomaioetan
Urduñako Udalak elkarretaratzea deitu du ostiralerako, maiatzak 15, 20:30ean, Foruen Plazan. Ertzaintzako iturriek baieztatu dutenez, joan den asteburuan izandako zenbait gertaeren inguruko salaketa bat dago eta tartean adin txikikoak daude.
Indarkeria matxistaren aurkako kontzentrazio baten artxiboko irudia. Argazkia: EITB Media
15 urteko neska batek asteburuan Urduñan gertatutako sexu-eraso bat salatu du, ETBk jakin duenez. Gertakariak otxomaioetako testuinguruan gertatu ziren
Ertzaintzako iturriek baieztatu dutenez, joan den asteburuan izandako gertaeren inguruko salaketa bat dago, eta Adin Txikikoen Fiskaltza gertatutakoa ikertzen ari da, tartean adin txikikoak daude eta.
Testuinguru horretan, Urduñako Udalak elkarretaratzea deitu du ostiralerako, maiatzak 15, 20:30ean, Foruen Plazan, gertatutakoa gaitzesteko.
Bestalde, Iker Santocildes Urduñako alkateak “argi eta garbi” gaitzetsi du erasoa, eta ziurtatu du “indarkeria matxistak” ez duela lekurik herrian. Hala, “elkartasun eta babes osoa” helarazi die emakumeei, haien familiei eta hurbilekoei. Gainera, Ertzaintzak gertakarien ikerketa zabalik duela gogorarazi du.
Santocildesek adierazi du “inor ez dagoela bakarrik”, eta emakumeek jai horietaz “askatasun eta segurtasun osoz” gozatzeko duten eskubidea azpimarratu du. Halabaer, txosnek eta herriko kaleak “espazio seguruak” izaten jarraitu behar dutela gaineratu du, eta ohartarazi du ospakizunak ez direla parentesi bat arauak lasaitzeko.
“Erasorik ez”, azpimarratu du alkateak, eta otxomaioetako ospakizunak “askeak, errespetuzkoak, seguruak eta berdintasunean oinarritutakoak” izaten jarraitzeko konpromisoa berretsi du.
Azkenik, Santocildesek dei egin die kuadrilla, elkarte, merkatari eta bizilagunei gertatutakoari “modu kolektiboan” erantzuteko, eta eraso bat jasan edo ikusi duen edozein pertsona animatu du udalerriak prestatutako laguntza baliabideetara joatera.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera