Emakume bat hil da Tuteran izandako auto istripu batean
Ezbeharra NA-134 errepidean gertatu da, ostiral arratsaldean. Emakumeak zeraman autoak kamioi bat jo du aurrez aurre.
53 urteko emakume bat hil da gaur NA-134 errepidean, Tuteran (Nafarroa) izandako auto istripu batean, Foruzaingoak ohar bidez jakinarazi duenez.
Istripua 15:35ean jazo da. Auto batek eta kamioi batek aurrez aurre egin dute talka.
Ezbeharraren berri jasotakoan, Tuterako suhiltzaileak, bi anbulantzia eta Foruzaingoa bertaratu dira. Emakumea, baina, bertan hil da. Kamioilaria, aldiz, onik atera da.
Istripuaren ondorioz, erabat itxi dute NA-134 errepidea 0 eta 6 kilometroen artean.
Emakumearen gorpua Nafarroako Mediku Auzitegira eraman dute, autopsia egitera. Foruzaingoak ikerketa abiatu du ezbeharraren nondik norakoak argitzeko.