Ia 48.000 pertsonak hartu dute parte Osakidetzako EPEaren bigarren egunean, eta beste 43.000ren txanda izango da igandean
Ostiralean hasi eta igandera bitartean, bederatzi kategoria profesionaletako aztekerketak ari dira egiten BECen. 101.000 hautagai dira orotara, 3.764 lanpostu betetzeko.
Ostiralean bezala, gaur ere milaka lagunen bilgune izan da BEC, Osakidetzak inoiz egin duen Enplegu Publikoaren Eskaintza handienaren azterketak egiten ari baitira bertan. 3.764 lanpostu betetzeko eskaintza egin du Osasun Sailak, eta 101.693 pertsonak eman dute izena prozesuan parte hartzeko.
Ostiralean egin zituzten administrazioko eta kudeaketako goi mailako teknikari, fisioterapeuta eta laborategiko teknikari espezialista postuetarako azterketak.
Gaur, 09:30ean hasi da zeladoreen azterketa, eta 22.839 hautagai dira 376 plaza betetzeko (kategoria horrek bildu ditu hautagai gehien). 13:30ean, erizaintzako laguntzaileen azterketa izan da, eta 15.073 hautagai aurkeztu dira 927 lanpostutara. 17:30ean, berriz, zerbitzuetako langileen postuetarako azterketa hasi da, eta 6.757 hautagaik eman dute izena 272 lanpostuetako bat eskuratzeko.
BECera joandako milaka lagunak "mailakatuta eta ordenatuta" sartu dira gunera, eta bigarren eguneko probak normaltasunez eta gorabeherarik gabe egin dira, Osakidetzaren arabera.
Bihar, igandea, azken azterketa eguna izango da, eta 42.993 hautagai bilduko dira BECen. Erizaintza (13.112 persona daude izena emanda), administrazioko laguntzaile (16.728) eta administrari (9.821)) lanpostuak betetzeko azterketak egingo dituzte.
Neurri bereziak beroagatik
Iganderako iragarrita dagoen bero sapari aurre egiteko, neurri bereziak hartu ditu Osakidetzak BECen: larrialdietako lantaldea indartu dute eta, besteak beste, iturriak jarri dituzte pasilloetan, azterketara sartzerakoan jendeak ura behintzat eskura izan dezan.
Gomendioak
Osakidetzak BECera denborarekin joateko gomendatu die hautagaiei, behin ateak itxita ez baitute sartzen utziko. Larunbatean auto-ilarak izan dira, eta bat baino gehiago gelditu dira azterketara sartu ezinda, berandu iritsi baitira.
Azterketa bakoitza egin baino 45 minutu lehenago irekiko dira pabiloiak. Nahitaezkoa izango da nortasun agiri ofizial bat aurkeztea eta boligrafo urdina edo beltza eramatea. Garraio publikoa erabiltzeko ere gomendatu dute, aparkatzeko lekuak mugatuak baitira.
Metro Bilbaok zerbitzua indartu du. Era berean, larrialdietako profesionalak, ertzainak eta udaltzainak ere egongo dira, eta Barakaldoko Udalak espazio bereziak prestatuko ditu mugikortasuna errazteko; autobusentzako aparkaleku bat, besteak beste.
Azterketei lotutako informazio guztia Osakidetzako Enplegu Publikoaren Eskaintzaren webgunean dago, hautagai guztien eskura.
"Asteburu historikoa"
Alberto Martinez Osasun sailburuak azpimarratu duenez, "inoizko parte hartze handiena izango da, eta asteburu historikoa da, benetan garrantzitsua baita bai lan-merkatuarentzat bai Euskadiko osasun-sistemarentzat".
Martinezen ustez, Euskal Osasun Zerbitzuarentzat "urteko hitzordu profesional garrantzitsuena da bertan bilduko diren pertsonen kopuruari dagokionez".
Horren arabera, 700 egokitzapen inguru egin dira probetan baldintza berdinak bermatzeko, entzumen-, ikusmen- edo mugikortasun-zailtasunak dituzten pertsonentzat, eta zeinu-hizkuntzako interpreteak eta bularra ematen ari diren amentzat gune egokituak egongo dira. Ospitaleratutako 70 pertsonak azterketa berme guztiekin egin ahal izango dutela ere adierazi du.
Sailburuak dispositiborako mobilizatutako 900 profesionalen lankidetza nabarmendu du, eta Osakidetza "Euskadiko erakunderik handiena" dela gogorarazi, egiturazko 34.000 plaza dituelako, urtean 46.000 kontratazio egiten dituelako eta 5.425 plazako lan eskaintza publikoa atera duelako. Irailetik aurrera bigarren azterketa txanda bat egingo da lehen honetan sartu ez diren kategoriekin, emagin edo buru-osasuneko erizainenak, besteak beste.
"Datuek berez hitz egiten dute: inbertsio gehiago Osakidetza indartsuagoa izateko, plantilla zabalagoa eta indartua izateko", erantsi du sailburuak.