Lege aldaketa

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Nola baloratuko da euskararen ezagutza enplegu publikoan lege berriarekin?

Eusko Legebiltzarrak onartutako lege-aldaketak aukera emango du euskararen ezagutza lanpostua eskuratu ondoren egiaztatzeko, eta sistema berri bat ezarriko du hizkuntzaren ezagutza eskatuko duten lanpostuen kopurua kalkulatzeko.

Eusko Legebiltzarrak ostegun honetan onartu duen Enplegu Publikoaren Legearen erreformak aldaketa kualitatibo garrantzitsua dakar Administrazio publikoan euskararen ezagutza egiaztatzeko sisteman. Gako nagusia ez da euskararen eskakizuna izango duten lanpostuen kopurua handituko ote den, baizik eta, segurtasun juridikoa bermatzeko asmoz, azken hamarkadetan erabili den formula egokituko dela.

Berez, lege-testuan aldaketa txikia dakar: artikulu bakarra moldatzen du. Hala ere, aldaketa horrek Administrazio bakoitzean euskararen nahitaezko eskakizuna izango duten lanpostuak kalkulatzeko sistema berria ekarriko du, orain arte indarrean egon den eredua atzean utziz. Horrekin batera, zenbait kasutan, euskararen ezagutza egiaztatzeko aukera izango da lanpostua eskuratu ondoren

Ekimena EAJk sustatu du, eta EH Bilduren abstentzioari esker onartu da. Koalizio subiranistak jeltzaleen proposamena babestearen truke adostu du legea indarrean sartu ondoren jarraipen-talde bat eratzea, erreformaren eraginkortasuna ebaluatzeko.

Helburua izango da aztertzea ea arau berriak benetan segurtasun juridikoa ematen dion euskarari Administrazioan. Izan ere, azken urteotan epaitegiek behin eta berriz baliogabetu dute euskararen eskakizuna Administrazioan, eta hortik etorri zen, hain zuzen, lege aldaketa sustatzeko ekimena.

Hiru urteko jarraipena egingo da, eta, epe hori igarota, erreformak espero den emaitza eman ez badu, legea berriro aldatzeko aukera aztertuko da. EH Bilduren arabera, kasu horretan Galizian eta Katalunian indarrean dauden ereduen antzeko sistema baten alde egingo litzateke.

Orain arteko sistema

Lege-aldaketaren benetako garrantzia ulertzeko, lehenik eta behin orain arte indarrean egon den sistema ulertu behar da. Euskararen ezagutza egiaztatzeko eskakizuna Administrazioan bi irizpide nagusitan oinarritu izan da azken hamarkadotan.

Lehenengoa derrigortasun-indizea deiturikoa izan da. Portzentaje horrek administrazio bakoitzean zenbat lanpostuk izan behar duten nahitaezko hizkuntza-eskakizuna zehazten du. Indize hori udal bakoitzerako, lurralde historiko bakoitzerako eta Euskadi mailan kalkulatzen da, herritarren euskararen ezagutzan oinarritutako formula matematiko baten bidez: euskal hiztunen ehunekoa eta ia euskaldunen ehunekoaren erdia gehituz.

Formula horri esker, hizkuntza-eskakizunak toki bakoitzeko errealitate soziolinguistikora egokitzen dira. Esaterako, Errezil bezalako udalerri euskaldun batean derrigortasun-indizea %95 ingurukoa da (euskararen ezagutza % 93ean dago, eta ia-euskaldunak % 4 dira); Oionen, berriz, % 32 ingurukoa. Antzeko kalkuluak egin izan dira lurralde historikoetan ere: Bizkaian % 48koa da indizea, Gipuzkoan %66koa, Araban %41ekoa eta Euskadi osoan %53koa.

Horrez gain, lanpostu bakoitzean eskatzen den hizkuntza-maila (B1, B2, C1...) ez da berdina kasu guztietan. Maila hori lanpostuari dagozkion zereginen arabera ezartzen da, eta, horrela, ez zaio hizkuntza-gaitasun bera eskatzen txosten teknikoak idatzi behar dituen langile bati edo zeregin kualifikaturik egin behar ez dituen bati.

Sistema berria

Erreformaren berrikuntza nagusia da derrigortasun-indizeak ez duela aurrerantzean erreferentzia orokor eta automatiko gisa funtzionatuko. Legearen idazketa berriak indizearen aplikazio zuzena alboratzen du, eta etorkizuneko dekretu baten esku uzten du administrazio bakoitzak bere derrigortasun-indizea zehazteko oinarriak ezartzea.

Dena dela, dekretu horrek kontuan hartzen jarraituko ditu administrazio bakoitzaren errealitate soziolinguistikoa eta lanpostu bakoitzaren eginkizunak. Horrenbestez, udalek, aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak berak izango dute beren hizkuntza-beharrak zehazteko ardura, etorkizuneko araudiak ezarriko duen markoaren barruan.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, sistema berriak aukera emango du hizkuntza-profilak administrazio bakoitzaren benetako beharretara hobeto egokitzeko eta azken urteotan epaitegiek egindako oharrak kontuan hartzeko.

Erreformak beste berrikuntza garrantzitsu bat ere jasotzen du enplegu publikoaren eskaintzei dagokienez. Administrazioek derrigoratsun-data geroratua duten lanpostuak eskaini ahal izango dituzte. Horri esker, hautagai batzuek lanpostua lortu ahal izango dute hasiera batean eskatutako hizkuntza-maila egiaztatu gabe.

Kasu horietan, funtzionarioak epe jakin bat izango du dagokion hizkuntza-profila eskuratzeko, eta administrazioak berak prestakuntza eta baliabideak eskaini beharko dizkio helburu hori lortzeko. Helburua enplegu publikorako sarbidea malgutzea da, lanpostu bakoitzari dagozkion hizkuntza-eskakizunak gerora betetzeari uko egin gabe.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X