Trafikoa bere onera bueltatu da lehen orduko istripuak konpondu eta gero
Kamioi baten eta turismo baten arteko talkak (Basaurin) eta kamioi batek izandako istripuak (Andoainen) auto-ilara handiak eragin dituzte gaur goizean Euskal Herriko errepideetan.
Goiz korapilatsua izan da gaurkoa errepideetan. Euriaren eraginez edo, hainbat istripu izan dira, eta horietako bik arazo nabarmenak eragin dituzte Basaurin eta Andoain inguruan.
Basaurin, kamioi batek eta auto batek talka egin dute A-8an goizeko zortziak baino lehentxeago, Donostiarako noranzkoan, eta bi errei itxi behar izan dituzte. Auto-ilara luzeak sortu dira bertan, 3 kilometrokoak ziren 08:15ean.
09:15ak baino pixka bat lehenago, bi erreiak ireki dituzte berriro, eta trafikoa normal dabil ordutik.
Andoainen, N-1 errepidean, kamioi bat gurutzatu da Gasteizerako noranzkoan, eta auto-ilarak Lasarte-Oriaraino iristen ziren. Errepidea itxi egin dute hasieran, baina ireki dute jada.