Bilboko Federico Moyua plazak Plaza Eliptikoa izena hartuko du
Udalak asteazken honetan jarriko ditu izen berria daramaten lau plaka plazan. Metro Bilbaok, berriz, pixkanaka egokituko ditu seinaleak eta kartelak.
Memoria historikoaren izenean, Bilboko Federico Moyua plazak Plaza Eliptikoa izena hartuko du asteazken honetatik aurrera. Miguel Primo de Riveraren diktadurapean jarri zioten plazari Federico Moyua orduko alkatearen izena 1937an.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Eider Inuntziaga Euskara, Arreta eta Herritarren Partaidetza, Agenda 2030 eta Nazioarteko zinegotziak agerraldia egin dute goizean plazan bertan, aldaketaren berri emateko.
Alkateak esan duenez, izen berria daramaten plakak asteazken honetan bertan jarriko dira, eta gainerako bideetako, esku-orrietako edo antzeko seinaleak, berriz, udal-zerbitzuek edo dagozkien erakundeek zehaztutakoaren arabera eguneratuko dira.
Federico Moyua alkatea "bi diktadurarekin lotutako pertsona" izan zela gogoratu du Aburtok. "Miguel Primo de Riveraren diktadurapean alkate izendatu zuten, demokratikoki aukeratutako alkate bat kenduta, Ernesto Ercoreca, hain zuzen ere", azaldu du.
Metro Bilbao "pixkanaka" egokituko da
Bestalde, udal ordezkariek adierazi du Metro Bilbaok "pixkanaka" egingo dituela izen aldaketak, Moyuako geltokian zein sare osoko seinale eta errotulazioetan.
Zure interesekoa izan daiteke
70eko hamarkadan abortatzeagatik zigortutako "Basauriko Hamaiken" auziak 50 urte bete ditu