Eusko Jaurlaritzak ez ditu trafiko kontrolak egingo Oiartzunen, Irunek eskatu duen arren
Cristina Laborda Irungo alkateak "salbuespenezko neurriak" eskatu ditu, oporretatik itzuleran auto-ilarak errepikatuko direla aurreikusita. Hala ere, Ertzaintzak uste du kontrolak jartzeak auto-ilara gehiago eragin eta agenteak eta erabiltzaileak arriskuan jarriko lituzkeela.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Ertzaintzarekin batera aztertu du, itzulera-operazioan hiriguneetako trafikoa saihesteko helburuz, Irungo Udalak Oiartzunen kontrolak ezartzeko egin duen proposamena eta baztertzea erabaki du ez baitu uste neurri bideragarriak eta seguruak direnik. Eusko Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, bide azkar baten irteeran baheketa egiteak "auto-ilara gehiago eragingo lituzke, eta arriskuan jarriko lituzke agenteak eta bidearen erabiltzaileak".
Joan den osteguna, abuztuak 13a, oso egun zaila izan zen Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan trafikoari dagokionean. AP-8an, Baionarako noranzkoan, 13 kilometrorainoko ilarak izan ziren. Horiek sahiesteko, gidari askok bigarren mailako errepideak hartzea erabaki zuten eta azkenean Irun, Errenteria eta Oiartzungo kaleak kolapsatu zen.
Horren ondorioz, Cristina Laborda Irungo alkateak bi eskari egin ditu: Alde batetik, "itzulera-operazioa" aurreratzeko eskatu du, eta, bestetik, astearte honetan, salbuespenezko kontrolak egiteko eskaera egin du, mugako auto-ilaretan harrapatuta dauden ibilgailuek "landa-bideetan barrena ibilbide alternatiboak bilatzea eragozteko", horiek herrietan amaitzen dutela argudiatuta.
Labordak adierazi duenez, kontrol horiek "funtsezko neurria" izango lirateke bide nagusietatik aurrera egin ezin duten ibilgailuek ibilbide alternatiboak bila ez ditzaten, ibilgailuen nabigatzaileek iradoki bezala, eta, horrela, arazoa herriko kaleetara eraman ez dezaten.
Segurtasun Sailak erantzun du "horren ondorioak onuragarriak baino kaltegarriagoak izango lirateke". Azaldu duenez, baheketak "ikusgai dagoen eremu batean egin behar dira, sestra-aldaketarik ez dagoen lekuetan (ikuspena gutxitzen du) eta ez bidegurutze baten inguruan". Oiartzungo irteerek ez dituztela ezaugarri horiek esan du.
Halaber, Ertzaintzak baztertu egin du GI-2132 errepideko biribilgunean autopistaren irteeran baheketa bat egiteko aukera, zonaldeko eragozpen teknikoengatik.
Azterketa hori egin ondoren, Ertzaintzak uste du mugako trafikoa arintzeko aukerarik onena, eta, beraz, Irungo trafikoa hobetzeko, Frantziako agintariak inplikatzea eta mugako ordainlekuetan auto-ilarak saihesteko beharrezko baliabide guztiak jartzea dela.