EITB Maratoia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda

"Konekta zaitez ikerkuntzaren korrontera" izango da EITBk antolatutako elkartasun ekimenaren 27. edizioko leloa, eta herritarrek egingo duten olatu kolektiboa izango da kanpainaren elementu bereizgarria.

Iragarkia
18:00 - 20:00
EITB Maratoiaren aurkezpena. Argazkia: EITB

Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako aurtengo EITB Maratoiaren kanpaina aurkezteko ekitaldia egin du EITBk astearte honetan  Bilboko egoitzan. Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestiaren soinu-bandarekin, Konekta zaitez ikerkuntzaren korrontera izango da EITBk antolatutako elkartasun ekimenaren 27. edizioko leloa. Ikerketan jarriko du arreta, hain zuzen ere, EITB Maratoiaren kanpainak, gaixotasun horien prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduan aurrera egiten jarraitzeko. Elementu bereizgarri nagusia, berriz, olatu kolektiboa izango da, herritarrak ikerketaren aldeko mugimendu kolektibora batu daitezen.

Isabel Octavio ETBren zuzendariarekin batera, Iñaki Gutierrez Ibarluzea Eusko Jaurlaritzako Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak hartu du parte aurkezpen ekitaldian. Bertan izan dira, halaber, ginekologiako eta bularreko minbiziaren inguruan lan egiten duten elkarteetako ordezkariak.

Euskadin ginekologiako eta bularreko minbizien biziraupenak hobekuntza progresiboa izan du azken hamarkadetan. Populazioaren baheketa-programak eta estrategia terapeutiko berrien garapenak direla medio, eredu sendo eta eraginkorra sortu du Euskadik, Estatu eta Europa mailan erreferente dena. Bularreko minbiziari dagokionez, bost urteren buruan, biziraupen erlatiboa % 88koa da.

Alabaina, bide asko dago oraindik egiteko. Ildo horretan, EITB Maratoiaren kanpainaren kontzeptu sortzaileak ikerketa aurkezten du aurrerapena eta berrikuntza bultzatzen duen energia gisa. Aurkikuntza bakoitzak ezagutza berriak sortzen ditu, aukera berriak irekitzen ditu eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen du.

Konekta zaitez ikerkuntzaren korrontera leloak mezu argi eta zuzena helarazi nahi du: ikerketa guztion kontua dela. Herritarren, osasun-profesionalen, ikertzaileen, elkarteen eta erakundeen inplikazioari esker bakarrik izango dira posible etorkizuneko aurrerapenak. Horregatik, kanpainak korronte baten irudia erabiltzen du, pertsonak helburu komun baten inguruan lotzen dituen energia kolektiboa irudikatzeko. 

Zea Maysen "Elektrizitatea", aurtengo soinu-banda

Kanpainaren mezua indartzeko, Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia aukeratu du EITBk. Euskal musikaren panoramako erreferente den kantuak energia, mugimendua eta konexioa ditu ardatz, eta kanpainaren espirituarekin bat dator erabat.

Aurtengo ediziorako, gainera, abestiaren 25. urteurreneko bertsio berezia erabiliko da, emakume artistek berrinterpretatuta. Parte-hartzaile izango dira Afrika Bibang, Ylenia Baglietto, Sua Enparantza, Izaro Lizarraga, Ariane Vegas eta Easo abesbatza.

Herritarren parte-hartzea eta olatu kolektiboa

Kanpainaren ikur nagusietako bat olatu kolektiboa izango da. Besoen mugimendu sinple baten bidez, herritarrek elkartasuna, konpromisoa eta lankidetza irudikatuko dituzte, gizarte osoa kausa beraren alde konektatzeko gonbidapena eginez.

EITB Maratoia 2026ren mugarriak

Iragarkiaren aurkezpen ofizialarekin batera jarri da abian kanpaina, eta datozen hilabeteetan hainbat ekimen izango dira: urriaren bukaeran aurkeztuko da bideoklipa eta abenduaren 17an egingo da EITB Maratoiaren egun handia, lau hiriburuetan aldi berean garatuko diren ekitaldi bereziekin.

26 ediziotan zehar, EITB Maratoiak 11 milioi euro bildu ditu eta 148 ikerketa-proiektu finantzatzen lagundu du hainbat gaixotasunen inguruan. Aurten ere, euskal gizartearen elkartasuna eta konpromisoa funtsezkoak izango dira ikerkuntzak aurrera egiten jarrai dezan. Dirua emateko bizum zenbakia hau da: 33478.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X