BIZKAIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bi gizon atxilotu dituzte Bedian kablea lapurtzen saiatzea eta trenbidean kalteak egitea egotzita

Bart egin du atxiloketa Ertzaintzak, Euskotreneko geltokitik gertu kable mozketaren alarmak jo ostean. Lapurrek ihes egin dute, baina berehala harrapatu dituzte. Geltokitik gertu, ebakitako 70 metro kable topatu dituzte. 

Ertzaintzak 38 eta 63 urteko bi gizon atxilotu ditu Bedian (Bizkaia), indarra erabilita lapurreta egiten saiatzeagatik eta trenbidean kalteak egiteagatik.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, lapurreta bart jazo da, Euskotrenek Bizkaiko udalerri horretan duen geltokitik gertu. 

Kablea moztu dutela ohartarazteko alarmak jo du, eta lapurrek auto batean egin dute ihes, aizkora bat eta arropa bertan utzita. 

Tren konpainiako segurtasun langileek kalteak egiaztatu dituzte, eta ebakitako 70 metro kable aurkitu dituzte handik gertu, jasotzeko prest. 

Ertzaintzaren patruila bat bertaratu ostean, berehala atzeman du susmagarrien ibilgailua. Autoan egindako miaketan, lapurreta egiteko hainbat tresna topatu dituzte agenteek, eta, horren aurrean, bi gizonak atxilotu dituzte. 

Beharreko eginbideak betetakoan, aske utzi dituzte, epaileak noiz deituko zain.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X