Legez kanpo bildutako 50 kilo onddo baino gehiago atzeman dituzte Ultzaman
Foruzaingoaren arabera, biltzaileak ez zuen Ultzamako ibarrean onddoak biltzeko baimenik, eta, gainera, legez baimendutakoa baino onddo gehiago hartu zituen.
Foruzaingoak legez kanpo bildutako 50 kilo onddo baino gehiago konfiskatu ditu Ultzamako ibarrean (Nafarroa). Foruzaingoak gaur, asteartea, zabaldutako ohar batean jakinarazi duenaren arabera, biltzaileak ez zuen Ultzamako ibarrean onddoak biltzeko baimenik, eta, gainera, legez baimendutakoa baino onddo gehiago hartu zituen.
Guztira, 50 kilotik gora onddo atzeman dituzte. Hala ere, atzemandako aleak ofizialki pisatuko dituzte ustezko delitugilearen aurkako salaketa izapidetzeko.
Arau hauste administratiboaren akta egin ondoren, konfiskatutako onddo guztiak Ultzamako barrutiaren arduradunen esku utzi dituzte. Izan ere, Foruzaingoaren arabera, Ultzamako barruti mikologikoa tokiko eragileek kudeatzen dutenez, berreskuratutako aleak horien esku utzi behar dira.
Foruzaingoak onddo denboraldian kontrolak egin ohi ditu Nafarroako mendietan, legez baimendutakoa baino onddo gehiago biltzea eragozteko.