Eusko Jaurlaritza ume txikiak dituzten familientzako laguntzak ordaintzen hasi da
22.202 familiak egin dute eskaera. Hilean 200 euro ordainduko zaie 0 eta 4 urte bitarteko seme-alabak izateagatik. Lehendabiziko 7.064 familiek aste honetan jasoko dute dirulaguntza.
Argazkia: Europa Press.
Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak azaroko lehen hamabostaldian hasiko da ordaintzen dirulaguntzak 0 eta 4 urte bitarteko adingabeak izateagatik, uztailean indarrean sartu zen dekretuan zehaztu bezala. 22.000 eskaeratik gora egin dira.
Zehazki, hilean 200 euro ordainduko dira 0-4 urteko seme-alaba bakoitzeko, eta 100 euro 4-7 urteko seme-alaba bakoitzeko 3 seme-alaba edo gehiagoko eta guraso bakarreko familiei. Laguntza bikoitza izango da gutxienez % 33ko desgaitasuna edo dependentzia dutenen kasuan.
Negea Melgosa sailburuak Gobernu bileraren ostean emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, egindako 22.202 eskaeretatik, 11.700 dagoeneko izapidetu dira. 7.064k arazoko lehen hamabostaldian jasoko dute ordainketa, urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeraginarekin.
Sailburuak onartu egin du guraso izateko erabakia ez dela dirulaguntza horretan oinarrituta hartzen, baina Jaurlaritzaren apustua berretsi du: "Herri eta komunitate bezala familiei haien ondoan gaudela erakutsi nahi diegu. Izan ere, umedun familiak dira Euskadiren orainaren eta etorkizunaren ardatza eta haien bizi baldintzak hobetzean indar guztiak metatzen jarraituko ditugu", gaineratu du.
Aurtengo dekretuan laguntzak 4 urtera arte zabaldu ziren (lehen 3 urtera iristen zen). Horrek 33,3 milioi euroko ordainketa ekarriko du. Laguntza eskatzeko epea zabalik dago oraindik.
Zure interesekoa izan daiteke