GTA 6
Gorde
Kendu nire zerrendatik

GTA VI argitaratzearekin batera, ugaritu egin dira lanera ez joateak

Bihar iritsiko da bideo-jokoen historian ikusmin handiena sortu duen argitalpena: Grand Theft Auto VI. Horrekin batera, egun libreen eskaerek izugarri egin dute gora mundu osoan.

Azaroaren 19an iritsiko da Grand Theft Auto VI jokoa. Mundu mailako fenomenoa bihurtu da. Gora egin dute lanera ez joateko baimenek.
GTA 6 mundu mailako fenomeno bihurtu da. Argazkia: EITB

Grand Theft Auto VI (GTA VI) fenomenoa lanpostuetara ere iritsiko da bihar. Izan ere, jai-eguna hartzeko eskaerek gora egin dute azaroaren 19rako, ostegunerako —edizio berria argitaratuko den egunerako— eta markak hausteko igoera espero da: % 32rainokoa, Remote giza baliabideen plataformaren arabera.

Atariak alderatu egin ditu biharko egunerako eta 2025eko ostegun bererako eskatutako opor-egunak. Konparazioaren arabera, % 32 ugaritu dira eskaerak. Are gehiago: 2026an eskaera kopurua gehien gora egin duen eguna da biharkoa. 2022an plataforma datu horren jarraipena egiten hasi zenetik, bi egun baino ez dira 2026ko azaroaren 19aren aurretik: 2024ko eklipsea, langile estatubatuarren kasuan, eta 2026ko Munduko Koparen irekiera, Mexiko eta Hegoafrikaren artekoa, langile mexikarren kasuan.

Z belaunaldiko gizonezkoen artean ugaritu da gehien fenomeno hori: eskaerak 2,2 aldiz biderkatu dituzte. Herrialdeka, Italia da eskaera horiek gehien hazi diren lurraldea, % 91raino. Espainia ere batez bestekoaren gainetik dago, % 44ko igoerarekin. Estatu Batuetan bakarrik, milioi eta erdi langilek huts egin lezakete bihar lanera, mila milioi dolarretan estimatutako galerak utziz.

Nolanahi ere, hamaika milioi pertsonak baino gehiagok erreserbatu dute bideojokoa mundu osoan, eta horrek 800 milioi euro baino gehiagoko diru-sarrerak ekarriko dizkio Rockstarri.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X