Sandy urakana kanpainan sartu da
AEBetako hauteskunde-kanpaina hain dago estu, Sandy urakanak ere desorekatu baitezake.
Egun hauetan, hango kazetariak urakanak Obamari lagundu edo kalte egingo ote dion hitz egiten ari dira. Kalte egingo dio oso gogorra bada eta ondori larriak eragiten baditu, bi arrazoirengatik: aldez aurretik emandako boto kopurua jaitsi egingo delako, eta jendearen gogoa ere murriztu egingo delako.
Argia eta ura mozten badute, astebete barru, hauteskundeen egunean, jendea ez da umoretsu izango, eta presidentearen aurka jo dezake.
Aurretiaz emandako botoak ezinbestekoak dira Obamarentzat. Estatu askotan, urakanak joko dituen hainbat barne, dagoeneko botoa eman daiteke, eta Obamak jendeak botoa ematea behar du, parte-hartze handia izatea. Botoa emateko bulegoak pare bat egunetan ixten badira, hori Obamarentzat larria izango litzateke. Aldiz, bere aldeko izan liteke egoera honi aurre egiten ari dela ematen badu, 2005ean Bushek Katrina urakanarekin egin zuenaren kontrakoa.
Edozein kasutan, une honetan oraindik horrelako espekulazioekin aritzeak erakusten du zein puntutaraino dagoen arriskuan Obamaren berrautaketa. Duela lau urte Etxe Zuriraino eraman zuen aldaketarako ilusioa desagertu egin da. Presidenteak bere magia galdu du, eta horregatik orain haizeak 120 edo 160 kilometro orduko abiadura hartuko ote duen, horrelako xehetasunei adi egon behar du.