Israelek Gaza bonbardatu du bake negoziazioen atarian
Israelgo Aireko Armadak Gaza bonbardatu du gaur goizaldean, ustez Gazako eremutik kohete bat jaurti dutelako, Israelgo Armadak jakitera eman duenez.
Israelek 26 preso palestinar askatu, horietako 15 Gazako eremuan sartu eta ordu gutxira izan da bonbardaketa.
Israeldarrak eta palestinarrak bake prozesu berri bati hasiera emateko negoziazio mahaira itzuliko dira gaur. Goizaldean 26 preso palestinar askatu dituzte eta Israelek lurralde okupatuan kolono-gune berriak eraikiko dituela iragarri du.
"Batean kale, bestean bale", horrela definitu daiteke Israelek palestinarrekin jarraitutako politika; izan ere, presoen askapenak kritikak jaso ditu Jerusalemen eta Israelen bizi direnak amnistiatik kanpo utzi dituztelako. Gainera, kartzelatik ateratzeko prozedura aldebakarrekoa izan da.
Goizaldean askatu dituzten 26 presoak zerrendako aurrenak izango dira. Negoziazioaren bilakaeraren arabera beste hiru preso multzo askatuko ditu Israelek.
Astelehen goizaldean batzorde batek zerrenda onartu eta gero, presoak askatzeko prozedura martxan jarri zuten.
Gazako 14 preso Erezeko mugara eraman dituzte, Zerrendako iparraldean. Zisjordaniako 12 presoak Betuniako bidegurutzera eraman dituzte, Ramalatik gertu, Israelgo espetxe zerbitzuko iturriek azaldu dutenez.
Presoak aske uzteak sekulako poza piztu du Palestinan, baina sutan jarri ditu terrorismoaren biktima elkarteak Israelen. Meir Indor Almagor elkarteko arduradunaren hitzetan, neurriarekin "Palestinako erakunde terroristen aurrean amore eman dute".
Kolono-guneak
Israelgo Etxebizitza Ministerioak Jerusalemen eta Zisjordanian 1.200 etxebizitza eraikitzeko proiektua onartu zuen igandean. Hori gutxi ez balitz, Guilon beste 900 etxe eraikitzeko egitasmoa aurkeztu du gaur. Horrek giroa gehiago nahastu du.
Horrela, Israelen erabaki horiek palestinarrak haserretu dituzte. Palestinako agintarien ahotan, israeldarrek elkarrizketa sabotetau nahi dute, hura hasi baino lehen.
Zure interesekoa izan daiteke
Erregaiaren prezioak kamioilariak estutu eta AEBko ondoez ekonomikoa larriagotzen ari da
Ehun bat zauritu eta 13 atxilotu Portugalen, etxebizitzaren aldeko kanpaldiak berriro hustu ondoren
Dozenaka kanpadenda jarri dituzte Erromako Koliseoaren aurrean, bizitzaren kostua garestitzearen aurka protesta egiteko
Manifestazio jendetsuak izan dira hirugarren larunbatez Frantzian, eta 500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte