22 dira jada Everesten magalean lurrikaragatik hildakoak
Gutxienez 22 mendizale hil dira eta 217 desagertuta daude Everesten magalean, atzo, larunbata, Nepal astindu zuen lurrikarak eragindako elur-jausiaren ondorioz.
Sismoak ezustean harrapatu zituen kanpalekuan zeuden mendizaleak eta zenbait elur-jausi eragin zituen Pumori gainetik. Hori dela eta, zenbait kanpaleku elurpean geratu dira, bereziki, Txinako eta Japoniako mendizaleek osatzen zituztenak.
Bestalde, 32 lagun erreskatatzea lortu dute eta 29 Luklako -Everestetik gertuen dagoen herria- ospitalean dira, tratamenduarekin. Suresh Acharya Turismo Ministerioko ordezkariak zehaztu du bost helikopterok eraman dituztela.
Elur-jausiek eskalatzaileen, gidarien eta zamaketarien atseden gunea txikitu zuten, kanpaina-dendak haiekin eramanda. Horrela, Everesten inoiz izandako ezbeharrik handiena da honakoa, iaz 13 lagun hil ostean beste elur-jausi batean.
Lurrikara berri bat
6,7 graduko lurrikara berri batek Nepal astindu du, atzoko lurrikaratik 24 ordu ingurura. 2.357 lagun hil dira dagoeneko, eta 6.000 zauritutik gora daude.
Gainera, AEBko Geologia Zerbitzuak (USGS) zabaldu duenaren arabera, erreplikaren epizentroa Katmandu Nepalgo hiriburutik 81 bat kilometrora kokatu da.
Sismoa Nueva Delhin eta Indiako eta Bangladesheko iparraldean ere antzeman dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Erregaiaren prezioak kamioilariak estutu eta AEBko ondoez ekonomikoa larriagotzen ari da
Ehun bat zauritu eta 13 atxilotu Portugalen, etxebizitzaren aldeko kanpaldiak berriro hustu ondoren
Dozenaka kanpadenda jarri dituzte Erromako Koliseoaren aurrean, bizitzaren kostua garestitzearen aurka protesta egiteko
Manifestazio jendetsuak izan dira hirugarren larunbatez Frantzian, eta 500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte