Tsiprasek Greziako lehen ministro kargua hartu du
Alexis Tsipras Syrizako buruzagiak Greziako lehen ministro kargua hartu du arratsalde honetan, eta Prokopis Pavloupoulos presidenteak gobernua osatzeko eskaera egin dio.
Litekeena da Tsiprasek asteazken honetan aukeratzea bere exekutiboko kideak.
Syrizak irabazi zituen atzo Greziako hauteskundeak, botoen % 35,46 eskuratuta. Tsiprasek abuztuaren 20an eman zuen dimisioa. Inkestek aurreikusitakoa baino emaitza hobeak izan ditu azkenean Syrizak eta Greziako Independenteekin koalizioa osatu ahal izango du.
Panos Kammenos Greziako Independenteen buruzagiarekin bilera egin du gaur bertan Gobernu berriaren osaketaz hitz egiteko. Badirudi Euclid Tsakalotos izango dela berriro Finantza ministroa; eta Kammenosek Defentsa Ministerioa zuzentzen jarraituko luke.
Tsiprasek bere etorkizun politikoa jokoan jarri zuen dimisioa aurkeztuta. Europar Batasunak Greziaren hirugarren erreskatea onartu ostean, Syriza alderdia zatitu egin zen.
Alabaina, Tsipras indartuta atera da hauteskundeetatik. Gizartearen babesa berretsi du eta Syrizan izandako zatiketaren ondorioz eratutako Herri Batasuna alderdia Parlamentutik kanpo geratu da, botoen % 3 lortu ez duelako.