73 hildako Afganistanen, bi autobus eta kamioi batek talka egin ostean
Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, gutxienez 73 pertsona hil eta 60 zauritu dira Afganistan hegoaldean, bi autobusek eta erregaia zeraman kamioi-zisterna batek elkarren aurka jo eta gero autobide batean.
"Azken datuen arabera, 73 pertsona hil dira eta zaurituen kopurua zehazteke dago, baina gora egiten ari da", adierazi du Ismail Kawusi Afganistango Osasun Publikoko Ministerioko bozeramaileak.
Istripua Kabul-Kandahar autobidean jazo da, Ghazni probintziako Moqor barrutian, 06:30ak aldera (tokiko ordua). Hala adierazi du Javid Salangi probintzia-gobernadoreak. Autobusak bidaiariz beteta zihoazen, eta, istripua izan ostean, suteak eragin ditu heriotza gehienak.
Wahidullah Alokozai Moqor barrutiko gobernadoreak jakinarazi duenez, biktimen artean hainbat adingabe daude eta lehen informazioen arabera, "60 inguru dira zaurituak".
"Hilotz gehienak erreta daude eta orain arte erreskate-taldeek bederatzi gorpuzki berreskuratu ahal izan dituzte bakarrik", azaldu du. Zaurituak ospitalera eraman dituzte, batzuk egoera larrian, eta istripuaren nondik norakoak ikertzen ari direla esan du gobernadoreak.
Urtero 3.000 pertsonatik gora hiltzen dira Afganistanen trafiko istripuetan, gidari ugariren eskarmentu ezagatik eta ibilgailuen eta errepideen egoera eskasagatik.
Zure interesekoa izan daiteke
Erregaiaren prezioak kamioilariak estutu eta AEBko ondoez ekonomikoa larriagotzen ari da
Ehun bat zauritu eta 13 atxilotu Portugalen, etxebizitzaren aldeko kanpaldiak berriro hustu ondoren
Dozenaka kanpadenda jarri dituzte Erromako Koliseoaren aurrean, bizitzaren kostua garestitzearen aurka protesta egiteko
Manifestazio jendetsuak izan dira hirugarren larunbatez Frantzian, eta 500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte