Drama Greziatik Italiara igaro da
Amaitu dira errefuxiatuen ontzien ondoratzeak Egeon, edo gutxienez, nabarmen egin dute behera. Libiatik Italiara bidean doazen errefuxiatuen ontziek, ordea, Libiako kostaldetik ateratzen jarraitzen dute. Eta beti bezala, gainezka doazen ontzi zaharkituak dira, eta, ondorioz, Egeo Itsasoan gertatzen ziren hondoratzeak baina are hilgarriagoak dira. Atzo sekulako tragedia saihestu zuten Italiako Kostazainek, eta 500 lagun baina gehiago erreskatatzea lortu zuten. Libiako kostatik 18 miliatara gertatu zen ezbeharra, kostaldetik oso gertu. Erreskate lanak libiarrek egin behar zituzten, baina Libian ez dago ez gobernu egonkorrik, ezta kostazainik ere.
Astebetean, italiarrek 6.000 bat lagun erreskatatu dituzte Siziliako kanalean. Horrek gogorarazi digu errefuxiatuen dramari irtenbidea eman nahi badiogu hainbat gauza egin behar direla. Batetik, Italiari lagundu: bai erreskate lanetan, zein erreskatatuak gure herrietan hartuta. Bi, Libiako gerra amaitzeko ekintza diplomatikoa aurrera eraman, eta, honela, kostak zaindu ditzakeen gobernu bat egongo litzateke. Hiru, pertsonekin trafikatzen duten mafiekin bukatu. Lau, pobreziari eta jendea itsasoko bidea hartzera behartzen dituen arazoei irtenbidea eman. Dudarik gabe, gehiegi dago egiteko oso nekatua dirudien Europan.