Austriak presidenterako hauteskundeak errepikatu beharko ditu
Austriako Auzitegi Konstituzionalak maiatzaren 22an egin ziren presidenterako hauteskundeen bigarren itzulia errepikatu egin behar dela agindu du ostiral honetan. Aipatu hauteskundeetan, Alexander van der Bellen hautagai ekologista atera zen garaile.
Askatasunaren Alderdiak (FPÖ) hauteskundeen emaitzen gainera aurkeztu zuen errekurtsoari erantzunez hartu du Auzitegi Konstituzionalak erabaki hori. Alderdi horren hautagaia zen Norbert Hofer bigarren geratu zen hauteskundeetan posta bidezko bozak zenbatu eta gero.
"Hauteskundeak gure demokraziaren muina dira", baieztatu du Gerhart Holzinger Konstituzionalaren presidenteak. Epaia jakinarazteko egin duen agerraldian azpimarratu duenez, gortearen lehendabiziko betebeharra demokrazia eta zuzenbidezko estatua defendatzea da.
"Jarraian jakitera emango dudan erabakiak ez du galtzailerik uzten, baizik eta irabazle bakar bat", ziurtatu du epaileak. Ondoren, ostiral honetako irabazlea zuzenbidezko Estatuarekiko "konfiantza" dela gaineratu du, baita Austrian dagoen demokraziak duen "sendotasuna" ere.
Holzingerrek azaldu du "irregulartasunak" egon zirela herrialdeko 14 distritutan posta bidezko bozak zenbatzerako orduan; hori dela eta, Konstituzionalak presidenterako hauteskundeen bigarren itzulia bertan behera uzteko erabakia hartu du.
Posta bidezko botoek erabaki zuten presidentea azkenean Alexander van der Bellen ekologista izatea, ordura arte boto gehien zituen Norbert Hofer hautagai ultraeskuindarraren aurka.
Europako Batzordetik ez dute iritzirik eman nahi izan Austriako Konstituzionalaren epaiari buruz. "Ez dugu ezer esateko. Gure Estatu kide bateko Auzitegi Konstituzionalaren erabaki bat da hori", azaldu du Alexander Winterstein Europako batzordeko bozeramaile nagusiak.
Zure interesekoa izan daiteke
Erregaiaren prezioak kamioilariak estutu eta AEBko ondoez ekonomikoa larriagotzen ari da
Ehun bat zauritu eta 13 atxilotu Portugalen, etxebizitzaren aldeko kanpaldiak berriro hustu ondoren
Dozenaka kanpadenda jarri dituzte Erromako Koliseoaren aurrean, bizitzaren kostua garestitzearen aurka protesta egiteko
Manifestazio jendetsuak izan dira hirugarren larunbatez Frantzian, eta 500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte