Ekaitz monetarioa, mundu mailan
Argentinako pesoaren eta Turkiako liraren gainbehera eragina izaten ari da susperraldian dauden beste ekonomia batzuetako dibisetan. Bata bestearen atzetik erortzen ari dira erreal brasildarra, rand hegoafrikarra, baht thailandiarra, peso txiletarra eta Amerikako eta Asiako herrialdeetako beste moneta batzuk ere.
Arrazoia da ekonomia horiek dolarretan duten zorpetze maila handia, bereziki Argentinaren eta Turkiaren kasuan. Urteetan, herrialde horiek atzerritik dirua jaso dute, errentagarritasun handia ematen zutelako, dolarrak ezer ematen ez zuen bitartean, interes tasa zeroan zuelako. Estatu Batuetako Erreserba Federalak erabakitako interes tasen igoerak eragin du dolarra errentagarriagoa egitea; horregatik, herrialde horietara joandako kapital asko orain alde giten ari dira, dolarrean babesa bilatzeko.
Gauzak honela, geroz eta zalantza gehiago daude, ea herrialde horiek euren zorra dolarretan itzultzeko moduan izango diren; ondorioz, euren monetak balioa galtzen ari dira. Herrialde horietako herritarrak dira euren aurrezkiak dolarretara aldatzen dituztenak, modu horretan euren monetaren beherakada handiagoa eraginez. Honek 1998an izandako krisiaren gero eta antz handiagoa du; hura ere, egungoaren antzeko ekaitz monetarioak eragin zuen.