Estatu Batuak

Gorde
Kendu nire zerrendatik

AEBk tropa guztiak atera ditu Iraketik

AEBk 2003an inbaditu zuten Irak, Husein boteretik kendu nahi zutelako, eta 2011ra arte iraun zuen inbasioak. Orduan, Barack Obama presidenteak tropak Iraketik ateratzea agindu zuen. Hiru urte geroago, baina, tropa estatubatuarrak Irakera itzuli ziren.

irak

AEBko Defentsa iturriek gaur, asteazkenarekin, jakitera eman dutenez, Iraken zituzten tropa guztiak atera dituzte. Horrekin, amaiera eman diote Estatu Islamikoari hamabi urtez aurre egin dion nazioarteko koalizioari, Sadam Huseinen aurkako inbasioa abiatu eta 23 urtera.

"Erbilgo Aire Baseko indarrak eta koalizioaren ekipamenduak Iraketik atera, eta Estatu Islamikoa garaitu zuen misio militarra amaitu egin da", adierazi du Pentagonoaren bozeramaile Sean Parnellek ohar batean, eta erantsi du Bagadadekin hitzartutako epeak bete dituztela. 

"Defentsa Departamentuak gure kide irakiarrei prestakuntza eta laguntza ematen jarraituko du", azaldu dute. Haatik, argi utzi dute Irakeko Gobernuaren ardura izango dela aurrerantzean herrialdearen barne segurtasuna kudeatzea, "nahiz eta elkarlanean jarraituko dugun segurtasuna bermatzen dela ziurtatzeko eta Estatu Islamikoak okerkeriak egin ez ditzan", adierazi du.

"Irak subirano eta indartsua izan dadin nahi dugu, bere mugak bermatuko dituena, bere biztanleak babestuko dituena eta bi herrialdeon arteko merkataritza, diplomazia eta segurtasun lankidetza sakonago izan dadila lortzeko oinarri izango dena", laburbildu du.

AEBk 2003an inbaditu zuten Irak, Husein boteretik kendu nahi zutelako, eta 2011ra arte iraun zuen inbasioak. Orduan, Barack Obama presidenteak tropak Iraketik ateratzea agindu zuen. Hiru urte geroago, baina, tropa estatubatuarrak Irakera itzuli egin ziren, Estatu Islamikoari aurre egiteko, nazioarteko koalizioak bultzatuta. Washingtonek zuzendutako misioan Erresuma Batuak, Frantziak, Espainiak, Italiak eta Alemaniak hartu zuten parte.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X