Errusiak arma nuklearrak erabiltzeko mehatxua egin du, NATOk bere lurraldeak isolatzen baditu
Aliantza Baltiko inguruan egiten ari den mugimenduen ondorioz egin du mehatxua Moskuk; Kaliningrad, Poloniaren eta Lituaniaren artean dagoen lur eremua blokeatu dezaketelakoan. NATOk erantzun du bere ekintzak ez direla Errusiarentzat arriskutsuak.
Errusiaren eta NATOren arteko tentsioak beste koxka bat egin du gora Baltiko inguruan Aliantza egiten ari den jardueren ondorioz. Moskuk arma nuklearrak erabiltzearekin mehatxu egin du Errusiako lurraldeak isolatzeko edo blokeatzeko ekintzak egiten badira. Aliantzak mehatxuak salatu ditu eta Ukrainari babesa ematen jarraituko duela ziurtatu du.
Errusiako iturri diplomatikoek oharra bidali diote Mark Rutteren bulegoari, ohartaraziz bere herrialdeak "eskura dituen baliabide guztiak "erabiliko dituela, "arma nuklearrak barne", mendebaldeko herrialdeak Polonia eta Lituaniaren artean daogen Kaliningrad enklabea blokeatzen eta "herrialdearen gainerako lurretatik isolatzen" saiatzen badira. "Airez edo itsasoz eginiko blokeo batek" Errusia bereziki kezkatzen duela dio oharrak. "Europako elite politiko arduragabe eta miopea joko arriskutsua jokatzen ari da", adierazi dute TASS agentziaren arabera.
Hori horrela, idatzioak dio "Errusia bere baliabide guztiak erabiltzeko prest egongo" dela. Halaber, Moskuk "Aliantzako herrialdeetan erabakiak hartzen dituzten zentroen kontrako eraso prebentiboak" egin ditzakeela ohartarazi dute.
Bestalde, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak esan duenez, Mosku kontuan hartzen ari da Kaliningraden inguruan Europako hiriburuetatik datozen adierazpenak, eta Errusiako lurraldea blokeatzeko saiakerei erantzun nuklear bat ematea Errusiako legedian jasota dagoela gogorarazi du.
NATOren jarduerak "ez dira arriskutsuak Errusiarentzat"
Aliantza Atlantikoak Errusiaren mezua jaso duela baieztatu du. Allison Hart bozeramaileak erantzuna eman dutela jakinarazi du. "NATO defentsa-aliantza bat da eta gure jarduerek edo ariketek ez dute Errusiarentzat inolako arriskurik suposatzen", esan du.
Era berean, "indarra erabiltzeko mehatxua irmoki" salatu du, "arduragabeko erretorika nuklear oro barne", eta Ukrainako gerrari amaiera emateko eskatu dio berriz ere Errusiari.
Hartek ziurtatu du Errusiak "taktika hibridoak" erabiltzea "etsipenaren erakusle" dela, eta ohartarazi du horrek ez duela sahiestuko aliatuek Ukrainari laguntzen jarraitzea. "Ez gara Ukrainaren laguntzatik desbideratuko. Aliatuen lurraldearen zentimetro bakoitza defendatzeko eta edozein mehatxuri aurre egiteko indartsu, prest eta gaituta mantentzeko behar duguna daukagu", gaineratu du.