Zer dakigu larrialdiko lurreratzea egin behar izan duen Tel Aviverako hegazkinari buruz?
Dubaitik Tel Aviverako bidea egiten ari zen Flydubaiko hegaldi batek larrialdiko lurreratzea egin behar izan du asteazken honetan Saudi Arabian. Zergatia? Emirerriko airelineak esan du "aginte-kabinan izandako istilu” baten ondorio izan dela; Israelgo Gobernuak, berriz, "atentatu" gisa salatu du gertatutakoa.
FZ 1073 hegaldia Dubaitik aireratu da gaur goizean, eta, Jordaniako mugara iritsi baino lehen, Flightradar24 hegaldien jarraipenerako orrialdearen arabera, ekialdetik mendebalderako norabidean zihoan aireontziak iparralderantz biratu du bat-batean, eta altitudea galtzen hasi da.
Orduan, hegazkinak abiadura txikiagoan egin du hegan, ibilbide irregular bati jarraituz; Jordaniako mugara iristean buelta erdia eman du, hegoalderantz, eta, ondoren, Tabukera (Saudi Arabia) jo du, larrialdiko lurreratzea egiteko.
Hegazkineko pilotua eta kopilotua zauritu dira eta ospitalera eraman dituzte Tabuken lur hartzean, Saudi Arabiako aireportuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
5.000 metro baino gehiago egin du behera
Hegazkinak 5.000 metro baino gehiago egin ditu behera bi minutu baino gutxiagoan, Haaretz egunkari israeldarraren arabera.
Israelgo telebistako 12. kanalak kaos uneak erakusten dituzten bideoak zabaldu ditu.
Bideoetako batean, halaber, hegazkinaren kabinaren ondoan odoletan zeuden hiru bidaiari ageri dira, bi pilotuak zaintzen. Biak lurrean ageri dira, odoletan, eta "terrorista kontrolatu" dutela diote, pilotua sastatu eta haiei erasotzen saiatu ondoren.
Israelgo Gobernuak atentatu bat salatu du
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak adierazi duenez, Flydubai hegaldiko pilotuetako bat aireontzia lurra jotzen saiatu da bere kideari kabinan sastada bat eman ostean.
"Hegaldian, herrialdera hurbiltzen ari zirela, pilotuetako batek beste pilotua sastatu zuen. Antza denez, bidaiariekin hegazkina lurra jotzen saiatu zen", adierazi du agintariak bere bulegoak igorritako bideo-komunikatuan.
Bestalde, Israel Katz Defentsa ministroak haratago jo du, eta "atentatu terrorista jihadista saiakera" dela esan du.
Airelineak "kabinan liskar bat" izan dela baieztatu du
Flydubaik baieztatu duenez, hegazkinaren "aginte-kabinan liskar bat" izan da, eta "espekulazio goiztiarrak alde batera uztea" eskatu du, gertakariaren arrazoiak argitu arte.
Flydubairen bertsioaren arabera, tripulazioko kideek "egoera kontrolatu", hegazkina desbideratu eta "modu seguruan" lurreratu dute Tabukeko aireportuan. Bertan, "bidaiari eta tripulatzaile guztiak onik daude eta zenbatu egin dituzte".
"Hasierako fase honetan, ez dira ezagutzen gertakariaren zergatiak eta arrazoiak, eta ikerketa formal baten mende daude. Alde guztiei espekulazio goiztiarrak ez egiteko eskatzen diegu, agintariek gertakariak biltzen dituzten bitartean", gaineratu du Flydubaik.