Emakume bat bizirik irten da heriotza-zigorraren bi dosi hilgarriak jaso ostean, Tennesseen
30 urte baino gehiago eman ditu heriotzaren korridorean. AEBko erdialde-ekialdeko gobernadoreak bertan behera utzi ditu aurtengo exekuzioak.
Emakume bat bizirik atera da asteazken honetan heriotza-zigorraren bi dosi hilgarri jaso ostean, Tennesseen (AEB).
Christa Pikek ia hiru hamarkada zeramatzan heriotzaren korridorean, 1996an hilketa batengatik heriotza-zigorra jaso ostean. Estatu horretan heriotza-zigorraren bidez hil behar zuten lehenengo emakumea izan behar zen azken 200 urtean.
Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen ordu batzuk lehenago apelazio auzitegi federal batek exekuzioa geldiarazteko emandako ebazopena, eta heriotza-zigorrak aurrera jarraitu zuen.
Lekukoek Pikeren arnasa entzun ahal izan zuten pentobarbital injekzioak jaso eta ia ordubetera arte, handik alde egitera behartu dituzten arte. Bertan zeuden kazetarien arabera, Tennesseeko estatuak ez zuen protokolorik ezarrita horrelako egoeretarako.
Une honetan emakumea ospitalean dago.
Exekuzioak eten dituzte
Pikerekin gertatutakoa ikusita, Bill Lee estatuko gobernadoreak iragarri du 2026rako aurreikusita zeuden gainerako exekuzioak bertan behera geratu direla behin behinean.
"Legez ezarritako epaiak aurrera eramatea dago estatuaren erantzukizun garrantzitsuenen artean, eta Tennesseeko herriak espero du modu legal eta konstituzionalean ez ezik, modu eraginkorrean ere egitea", azaldu du Leek, tokiko hedabideek jasotako ohar batean.
Gobernadoreak huts egindako exekuzioaren ikerketa "sakona" eskatu du, eta aurten Estatuan egitekoak ziren gainerako exekuzioak geldiarazi ditu.
Heriotza Zigorraren Informazio Zentroaren arabera, Tennesseen Gary Wayne Suttonen exekuzioa zegoen aurreikusita abenduaren 3rako.