Lurrikara Europako Parlamentuan
Europako balioak urratzen ari delakoan, Europako Parlamentuak Hungaria zigortzeko prozedura irekitzeko hartu duen erabakiak garrantzi politiko handia du. Lehen aldiz aktibatu du Europako ganberak Hitzarmenaren 7. artikulua estatu kide bat zigortzeko. Praktikan, ia ezinezkoa izango da zigor hori indarrean jartzea, Parlamentuak ezin baititu horrelako zigorrak ezarri; Europako Kontseiluak, hots, 28 estatuburuek egin dezakete hori.
Zigorra, gainera, Hungariari boto eskubidea kentzearena, aho batez hartu beharreko erabakia da. Jakinik, Polonia bezalako herrialdeak ez duela neurria babestuko, ezinezkoa da ekimen hori aurrera ateratzea.
Baina horrek guztiak ez dio Europako Parlamentuak hartu duen erabakiari garrantzirik kentzen. Gainera, zatiketa garrantzitsua eragin du Europako Alderdi Popularraren baitan, Europako talde eskuindar klasikoan. Talde horretako kide da Viktor Orban Hungariako presidentea ere, baina diputatu talde handi batek Orbanen kontra bozkatu du. Orbanen erantzuna alde egitearena izan daiteke, eta Salvini italiarraren Liga dagoen taldera batu. Hori guztia, Europako hauteskundeak egiteko urtebete baino gutxiago falta denean.