Europar Batasunak 'brexit'a atzeratzea onartu du eta bi data ezarri ditu
Ia sei orduz batzartuta egon ostean, Europar Batasuneko gobernuburuek aho batez onartu dute brexit-aren data atzeratzea eta, ildo horretan, Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak jakinarazi du berehala bilduko dela Theresa May lehen ministro britainiarrarekin.
Europar Batasunak bi data ezarri dizkio Erresuma Batuari: maiatzaren 22a eta apirilaren 12a.
Parlamentu britainiarrak Theresa Mayk Bruselarekin adostu zuen akordioa onartuz gero, brexit-a gauzatzeko epea maiatzaren 22a arte luzatuko dute. Datorren astean egingo dute beste osoko bilkura bat Londresen.
Alabaina, Komunen Ganberak itun hori berriro errefusatzen badu, Mayk erabaki bat hartuko beharko du apirilaren 12a baino lehen: hauteskundeak deitzea edo Europar Batasunetik inolako akordiorik gabe ateratzea.
Azkenean, hauteskundeak deituz gero, Gobernu britainiarrak bere asmoak zeintzuk diren argitu beharko dio Bruselari, eta honek brexit-erako epea bost urteraino, hots, Europako legealdia amaitu arte, luzatzea erabaki lezake.