Aljeria Egipton egin zuten iraultzaren bidean jarri da
Aljeria Egipton egin zuten iraultzaren bidean jarri da.
2011n "udaberri arabiarra" lehertu zenean, militarren lehen erreakzioa orduko presidentea, Hosni Mubarak, babestea izan zen. Hiru asteko protesten ostean ordea, eta ikusirik Mubarak ez zela egoera kontrolatzeko gai, militarrek taktika aldatu zuten: Mubarak erortzen utzi zuten, eta haren ordez militar bat jarri zuten. Hauteskundeak deitu zituzten, eta islamistak izan ziren garaile. Islamisten garaipena ez zutenez gustuko izan, militarrek estatu-kolpea eman zuten, eta hurrengo hauteskundeak Al-Sisi jeneralak irabazi zituen, agintean jarraitzen duen militarrak. Beste era batera esanda, Mubarak agintean zen garaiko berberek jarraitzen dute orain agintean.
Aljeria antzeko bidean jarri da. Gaur egungo presidentearen, Abdelaziz Buteflikaren dimisioa eskatzeko protestak hasi zituztenean, hasiera batean militarrak bere alde agertu ziren; baina Buteflikak ez duela herritarren artean onespenik egiaztatuta, orain hura erortzen uzteko prestatzen ari dira. Militarrek eurek kontrolatu nahi dute trantsizio-prozesua. Badakite Aljerian ere badagoela arriskua hurrengo hauteskundeak islamistek irabazteko, baina kasu honetan, beharrezkoa iruditzen bazaie, egoeraren kontrola indarrez hartuko dute Egipton egin zuten bezala.