Trumpek arrazakeria eta nagusitasun zuria gaitzetsi ditu asteburuko tiroketen ondotik
Armen kontrolerako neurriak areagotzea proposatu du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak, eta biztanleek "arrazakeria, fanatismoa eta nagusitasun zuria gaitzetsi" behar dituztela azpimarratu, eta sarraskien egileentzako heriotza-zigorra eskatu du. Asteburuan Texasen eta Ohion izandako bi tiroketek 31 hildako utzi dituzte.
"Aho batez, gure nazioak arrazakeria, fanatismoa eta nagusitasun zuria gaitzetsi behar ditu", esan du Trumpek Etxe Zurian. Bi tiroketak 31 hildako utzi dituzte asteburuan El Paso (Texas) eta Dayton (Ohio) hirietan.
El Pasoko (Texas) sarraskian, bi biktima gehiago hil direla jakinarazi dute astelehen honetan. Ondorioz, 22 dira bertan hildakoak.
Agintariak nabarmendu duenez, El Pasoko erasotzaileak "gorroto arrazistaz beteriko manifestu bat argitaratu zuen Interneten". Ondoren, merkataritza-gune batean eraso egin zuen, Mexikoko mugan dagoen hirian.
Horrela, asteburuan zehar areagotu diren kritikei aurre egin nahi izan die Trumpek. Etorkinen aurkako bere erretorika gogorrak indarkeria areagotu duela uste dute askok AEBn.
Sarraskiekin "atsekabetuta eta nazkatuta" agertu da AEBko burua, eta tiroketa horien arduradunei gorroto-krimenak egotzi eta "heriotza-zigorra azkar aplikatu" beharko litzaiekeela erantsi du.
"Gaixotasun mentalek eta gorrotoak sakatzen dute katua, ez pistolek", adierazi du Trumpek beste behin ere, armak eramateko eskubidearen defentsan.
Texasko tiroketa "terrorismo domestiko" bezala ikertuko dela iragarri dute agintari federalek. Ohiokoa, berriz, ikertzen ari dira oraindik.
Bi kasuetan, egileak arraza zuriko gizonak dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Zibererasoa egin diete Belgika eta Suediako dozenaka supermerkatutako hozte-sistemei
Trumpek Kongresuaren kontrola izango du jokoan agintaldi erdiko hauteskundeetan
Bi petrolio ontzi gehiagok egin dute itsas minekin talka Ormuzen, Iranen arabera
Iliana Yotova hautagai errusiazaleak irabazi ditu Bulgariako presidentetzarako hauteskundeak
Hegazkin pribatu bat Palm Beacheko etxe-gune batean erori den unea
Erregaiaren prezioak kamioilariak estutu eta AEBko ondoez ekonomikoa larriagotzen ari da
Ehun bat zauritu eta 13 atxilotu Portugalen, etxebizitzaren aldeko kanpaldiak berriro hustu ondoren
Dozenaka kanpadenda jarri dituzte Erromako Koliseoaren aurrean, bizitzaren kostua garestitzearen aurka protesta egiteko
Manifestazio jendetsuak izan dira hirugarren larunbatez Frantzian, eta 500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte