HAUTESKUNDEAK ALEMANIAN
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Merkelen CDU alderdiak aise irabazi ditu Saxonia-Anhalteko hauteskundeak

Batasun Kristau-Demokratak 16 puntuko aldea atera dio bigarren postuan gelditu den ultraeskuinari. Irailaren 26ko hauteskunde orokorren aurretik egin diren azken bozak izan dira.
CDUko hautagaia Saxonia-Anhalteko hauteskundeetan
CDUko hautagaia Saxonia-Anhalteko hauteskundeetan. Argazkia: EFE

Alemanian, Angela Merkel kantzillerraren Batasun Kristau-Demokratak aise irabazi ditu igande honetan Saxonia-Anhalt estatu federatuan egin diren hauteskundeak. Guztira botoen % 37,1 eskuratu ditu, bigarren postuan gelditu den ultraeskuinari 16,1 puntuko aldea aterata. Inkestek berdinketa teknikoa edota sorpassoa iragartzen zuten.

Gaur zabaldutako behin-behineko datuen arabera, Angela Merkelen alderdi kontserbadoreak azken 19 urteotako emaitzarik onenak lortu ditu Saxonia-Anhalten. Aurreko hauteskundeekin alderatuta, % 7,3ko igoera izan du.

AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarra bigarrena izan da, botoen % 20,8 (2016ko bozetan baino % 3,8 gutxiago) eskuratuta.

Hirugarren postuan ageri den ezkerrak botoen % 11 bereganatu ditu; beraz, % 5,3 egin du behera.

Sozialdemokratek hondoa jo dute Saxonia-Anhalten, inoizko emaitzarik txarrenak erdietsi baitituzte: botoen % 8 lortu dituzte.

FDP Alderdi Liberala eskualdeko parlamentura itzuli da, botoen % 6,4 eskuratuta.

Parlamentuan ordezkaritza lortu duen seigarren eta azken alderdia Berdeak izan da (% 5,9).

CDUk 40 eserleku lortu ditu Parlamentuan, AfDk 23, ezkerrak 12, SPDk 9, FDPk 7 eta Berdeek 6. Gehiengoa 49 eserlekutan dago, eta, ondorioz, CDUk gobernua osatzeko aukera ugari izango ditu.

Irailaren 26ko hauteskunde orokorren aurreko azken hitzordua zen atzokoa.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Donald Trump eta bere azoka handia, protagonista nagusiak AEBen 250. urtebetetzean

Estatu Batuen Independentziaren Adierazpenaren 250. urteurrena ospatuko dute larunbatean, uztailaren 4an. Eta Donald Trumpek bere irudia goresteko erabiliko du urteurrena. Buruzagi errepublikanoak bere aurpegia daramaten oroitzapenezko txanponak egin ditu, eta National Mallen azoka handi bat antolatu du. Ekimenak noria erraldoi bat, garaipen-arku bat, rodeoak, hitzaldiak, su artifizialak eta hegazkin militarren erakustaldiak izango ditu. Azokak, hala ere, porrot egin du orain arte. Oso jende gutxi bertaratzen ari da, eta horrek indartu egin ditu kritikak. Salatzen dutenez, Trumpek ospakizun nazionala baliatu du bere irudia indartzeko.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X