Errusiaren baldintzak su-etenerako: Donetsk eta Luhansk aitortzea eta Krimea lurralde errusiarra dela onartzea
Dimitry Peskov Errusiako Gobernuaren bozeramaileak iragarri du Mosku prest egongo litzatekeela Ukrainan "berehalako" su-etena ezartzeko, Kievek Donetsken eta Luhansken independentzia aitortzen badu eta Krimea lurralde errusiarra dela onartzen badu.
Reuters agentziarekin telefonoz izandako elkarrizketa batean, Peskovek erantsi du Ukrainak ezagutzen dituela zeintzuk diren Errusiaren baldintza balizko su-etenerako, baina oraindik ez dietela erantzunik eman.
Ordu batzuk geroago, Volodimir Zelenskik eskaintza hori baztertu du, "ultimatuma" dela salatuta, eta gatazka elkarrizketaren bidez konpontzeko deia egin dio Vladimir Putini.
Bien bitartean, zibilak ebakuatzeko korridore humanitarioak sortzeko "baldintza bakar bat ere ez betetzea" leporatu die agintari ukrainarrei Errusiako Armadak, Ukrainako hainbat hiritan aldi baterako su-etena iragarri ostean. Ukrainako Gobernuak, bere aldetik, Moskuk egindako proposamena "zentzugabea, zinikoa eta onartezina" dela uste du.
"13:00ak arte (tokiko ordua), Ukrainak ez du baldintza bakar bat ere bete korridore humanitarioak sortzeko", adierazi du Mijail Mizintsev Errusiako Defentsa Kontrolatzeko Zentro Nazionaleko buruak. Zentzu horretan, gaitutako sei korridore humanitarioetatik gertu, Errusiako Armadak Ukrainako Indar Armatuen eta "nazionalisten" 170 eraso baino gehiago zenbatu dituela adierazi du.
Era berean, Frontearen lerroan armatuta dauden pertsonen mugimendu handia salatu du, eta erasoak une batean ere ez direla gelditu salatu du. Gainera, Mariupolen herritarrek konboi humanitarioetan aurrera egiteko edozein saiakera "gogor zapaldu" dutela azpimarratu du.
Ukrainako gerra hasi zenetik 12. eguna betetzen den honetan, Errusiako Armadak korridore humanitarioak iragarri ditu (Euskal Herrian 08:00ak zirenean ezarri behar zituzten) Ukrainako hainbat hiritan: Kieven, Mariupolen, Kharkiven eta Sumyn. Errusiako Armadak berak iragarri die albistea Gurutze Gorriari, Nazio Batuen Erakundeari eta Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundeari.
"Kiev, Kharkiv, Sumy eta Mariupol hirietako egoera humanitario tamalgarriaren eta larriaren aurrean", isiltasun erregimena ezarri eta korridore humanitarioak irekiko dituela dio Errusiako indar armatuen komunikatuak.
Ukrainako Gobernuak, ostera, uste du "zentzugabea, zinikoa eta onartezina" dela astelehen honetan Errusiako agintariek Ukrainako hainbat hiritatik Errusiara zibilak eramateko egindako proposamena.
Kieven, pasabide humanitarioa Hostomel hiritik barrena Txernobylera eta Bielorrusiako Gden herrira (Bielorrusia) iritsiko da.
Mariupoletik, bi ihesbide aurreikusi ditu. Lehenengoa Mariupoletik Errusiako Rostov hiriraino joango da; bigarrena, berriz, Mariupoletik Manhushera, Donetsken.
Kharkiven, pasabide humanitarioak Belgorod izango du helmuga (Errusia). Halaber, Sumy hiritik bi ibilbide aterako dira: lehena Belgoroderaino (Errusia) eta bigarrena Poltavaraino (Ukraina).
Azken egunetan Mariupol hiritik zibilak ateratzeko bi saiakerak porrot egin ondoren ikusi egin beharko da agindutakoa betetzen den ala ez.
Asteartean Donetsk eskualdeko Horlivka hiria ebakuatuko dute
Independentzia aldarrikatu duen Donetskeko Herri Errepublikako agintariek iragarri dutenez, datorren asteartetik aurrera, Horlivkako 200.000 biztanle Errusiara ebakuatuko dituzte.
Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, Ukrainako Armadak zibilen aurkako bonbardaketak areagotu dituela salatu dute.
Ivan Prikhodko hiriko alkateak igande honetan baieztatu dio albistea Interfaxi: "Ukrainako indar armatuen bonbardaketei dagokienez, martxoaren 8tik aurrera emakume, haur eta adinekoak Errusiako Federazioaren eremu seguruetara eramango dira".
Mariupoleko korridore humanitarioa minaz beteta dagoela ziurtatu du Gurutze Gorriak
Mariupoleko korridore humanitarioa minaz beteta dagoela ziurtatu du astelehen honetan Dominik Stillhart Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeko (CICR) zuzendariak.
Korridore humanitarioen inguruko akordioak ez direla oso zehatzak salatu du. Bi aldeak hitz egiten ari badira ere, zerbait "zehatza" adostea zaila izaten ari dela onartu du.
Zure interesekoa izan daiteke
UEFAk "ulertezin eta justifikaezin" jo du Balogun indultatzea
Aurrelari estatubatuarrari txartel gorria kentzeak erakundeen kritikak eragiten jarraitzen du Belgikaren aurkako partidaren atarian.
Zer dio 27. artikuluak Balogunek Belgikaren aurka jokatu ahal izateko?
FIFAri "diziplina neurri baten aplikazioa erabat edo partzialki eteteko" gaitasuna ematen dio. Aurrekari bat dago 1962ko Munduko Txapelketan Garrincha brasildarrarekin.
Tourrak bere hirugarren etapa moztuko du gaur eta Les Anglesen amaituko da suteengatik, ikuslerik gabe
Frantziako lasterketaren antolatzaileek hirugarren etaparen azken zatia aldatzea erabaki dute, Granollers eta Les Angles lotzen dituena, Frantzia hegoaldeko baso-suteengatik.
Ebola agerraldiak 500 hildako baino gehiago eragin ditu Kongoko Errepublika Demokratikoan
Tokiko agintarien arabera, 1.561 ebola kasu baieztatu dituzte eta horietatik 253k gaixotasuna gainditu dute.
FIFAk txartel gorria kendu dio AEBko jokalari bati Trumpek Infantinori ustez egindako dei baten ostean
Folarin Balogun Ipar Amerikako selekzioko izarrari kendu dio txartela, final-hamaseirenetako partidan kanporatua izan ostean, eta final-zortzirenetan Belgikaren aurka jokatzeko aukera izango du.
Gutxienez 11 pertsona hil eta 46 zauritu dira Kieven, Errusiaren bonbardaketetan
Volodímir Zelenski Ukrainako presidenteak horrelako eraso bat gertatuko zela ohartarazi ondoren etorri dira erasoak.
Milioika lagunek eman diote azken agurra Ali Khameneiri
Mendekua eta Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako Presindetearen heriotza eskatuz, ehunka milaka dira gaur ere Ali Khameneiri azken agurra ematen ari direnak Teheranen. Haren hiru seme ikusi ahal izen dira hilkutxaren aldamenean otoiz egiten, baina ez haren ondorengo izendatu zuten Motjaba Khamenei.
Trumpek AEBren handitasuna goraipatu du independentziaren 250. urteurrenean: "Inor ezin da gu bezalakoa izan"
Agintariak aukera aprobetxatu du herrialdeko "komunisten" aurka egiteko eta bere hauteskunde erreforma polemikoa sustatzeko.
Kanpalekuetan bizirauten ari dira astindutik bizirik irtendako venezuelarrak
Askok etxea galdu dute eta beste batzuek kalteak dituzte, ez dakite itzultzerik izango duten. Laguntza humanitarioa behintzat iristen ari da Hego Amerikako herrialdera.
ETBk Iranera sartzea lortu du, Ali Khamenei buruzagiaren hileta bertatik bertara kontatzeko
Milaka herritar ari dira ayatola gorenaren agur ekitaldietan parte hartzen. Mendeku eskean batzuk; negar malkotan, besteak. Ekitaldiak aste betez luzatuko dira, eta erregimenak indar eta batasun irudia eman nahi du.