Errusiak ziurtatu du garaiz ordaindu duela kanpo-zorraren zerbitzua
Errusiak ziurtatu du "osorik" ordaindu duela kanpo-zorraren zerbitzua, eta hirugarrenei leporatu die ustezko "ordainketa-etendura" bati buruzko informazioa.
Horixe da Errusiak eguneko finantza-albisteari emandako erantzuna, Bloombergek iragarritakoaren arabera, Errusia ordainketa-etenduran sartu izana, alegia.
Duela hilabete, maiatzaren 27an, Errusiako Estatuak eurotan eta dolarretan ordaindu behar zituen 2026an eta 2036an mugaeguneratutako bi eurobonoren kupoiak. Errusiako Finantza Ministerioak egun horretan bertan adierazi zuen gordailuzain nazionalak 71,25 milioi dolar ordaindu zituela 2026ko bonuengatik, eta 26,5 milioi euro 2036ko bonuengatik.
Interfax agentziak orduan esan zuenez, Errusiak maiatzaren 20an egin zituen ordainketa horiek, AEBk maiatzaren 25ean kanpo zorra dolarreta ordaintzek lizentzia ez berritzea erabaki aurretik.
Hala ere, joan den igandean, bonu horiek ordaintzeko grazia-epea agortzeko unean, dirua ez zitzaion artean hartzaileari iritsi. "Kasu honetan, inbertitzaileek dirurik jaso ez badute ez da ordaindu ez delako, hirugarrengo batzuen ekintzen ondorioz baizik", azaldu du.
Ordainketa bermatu behar zuten operadoreei beren eginkizuna ez betetzea egotzi die Errusiak, nahiz eta horretarako tresna legal zein finantzarioak izan.
Era berean, inbertitzaileei zuzendu zaie nazioarteko finantza-erakunde horiei erreklama diezaieten, argudiatzen duenez bitartekarien jokabidea Errusiako agintarien kontroletik kanpo baitago.
Ezin dolarretan edo eurotan ordaindu
Bloomberg agentziaren arabera, Errusia ordainketa-etenduran sartu da 100 urtean lehen aldiz.
Errusiak ezin izan ditu kanpo-zorra berdintzeko ordainketa batzuk gauzatu, Europar Batasunak eta Estatu Batuek ezarritako zigorren ondorioz Errusiak ezin duelako dolarrekin eta euroekin jardun. AEBk, esaterako, maiatzean erabaki zuen ez berritzea Errusiari kanpo-zorrari aurre egiteko dolarretan ordaintzeko aldi baterako baimena.
Beraz, agentzia estatubatuarraren arabera, "ordainketa-etenduran dagoen zordunak (Errusia) ordaintzeko borondatea du eta baliabideak ditu, baina ezin ditu ordainketak gauzatu".
Finantza Ministerioak ziurtatu duenez, Errusiak "ez dio uko egiten inbertitzaileen kategoria guztien aurrean bere zor-betebeharrak betetzeari"; aitzitik, atzerriko dibisetan ordaintzea teknikoki ezinezkoa denez, "ordainketa-mekanismo berriak" proposatu ditu.
Hain zuzen ere, atzerriko hartzekodunei ordaintzeko bideak blokeatuta zituela ikusita, Vladimir Putin Errusiako presidenteak dekretu bat sinatu zuen joan den asteko asteazkenean, ekainaren 22an, eta, horren bidez, Estatuak errubloetan ordaindu ahal izango ditu Errusiako Estatuko eurobonuen atzerriko edukitzaileekiko dituen zorrak eta betebeharrak.
Dekretuak ezartzen duenez, "Errusiako Federazioaren eurobonuekiko betebeharrak betetzat jotzen dira, baldin eta errublotan egiten badira, atzerriko diruko obligazioen balioaren pareko zenbatekoan", Estatuak ordainketa egiten duen egunean Errusiako dibisa-merkatu nazionalean dagoen kanbio-tasa erabiliz.
Dekretu hori baliatuz, Errusiak eurobonuen ordainketa batzuk egin ditu dagoeneko errubloetan. Azkenak, ordainketa epea 2027an eta 2047an amaitzen zaien bi kupoi izan dira, dolarretan izendatuak, eta hirugarren kupoi bat, 2028an epemuga izango duen eurobonu batena, dolarretan izendatua hori ere. Horrela, Errusiako Estatuak 8.500 milioi errublo, 159,4 milioi dolarren baliokidea, transferitu dizkio ordainketa egiteaz arduratzen den gordailuzain nazionalari.
Putinek azaldu zuenez, transferentzia gauzatu ahal izateko, inbertitzaileek "I" motako kontu berezi bat ireki behar dute Errusiako banku batean, eta, ondoren, jasotako interesen ordainketa beste moneta batera bihur dezakete, gero atzerrian erretiratu ahal izateko.
Anton Siluanov Errusiako Finantza ministroak ostegunean ziurtatu zuenez, Errusiak aplikatutako errublobidezko ordainketa-eskema ez da ez-ordaintze bat.
"Ez, ez da. Errusiako Federazioak ez dio uko egiten bere betebeharrak betetzeari. Eta mailegu-hartzaile arduratsu gisa, ahal diren neurri guztiak hartzen ditu funtsak inbertitzaile guztiei transferitzeko. Atzerriko eragileek uko egiten diote atzerri-diruan (Errusiatik datorrena) ordaintzeari, eta hori aparteko gertaera da guretzat", azpimarratu du. "Eta horregatik bakarrik ari gara errubloetan ordainketak egiten", gaineratu zuen TASS agentzia ofizialaren arabera.
Errubloetan ordaintzeak ez lituzke, antza, eurobonuen jaulkipen-liburuxkan jasotako baldintzak beteko. Bloombergen arabera, egoera ordainketa-etendura batena da, baina, agentziaren arabera, oraingoz, "izaera sinbolikoa du, eta ez da gauza handia errusiarrentzat".
Zure interesekoa izan daiteke
Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan
Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.
Sussexeko dukeak, Harry eta Meghan, Erresuma Batura itzuliko dira, baina Errege Etxetik kanpo jarraituko dute
Sussexeko dukeek, Harryk eta Meghanek, Erresuma Batura itzultzea erabaki dute, eta han matrikulatu dituzte bi seme-alabak, Archie eta Lilibet, oraindik identifikatu gabeko ikastetxe batean. Bikoteak Errege Etxetik urrun jarraituko du eta Londrestik kanpo biziko da, hedabide britainiarren arabera.
Gutxienez 15 pertsona hil dira Errusiak Kieven aurka egindako erasoan
Ukrainako presidenteak salatu duenez, erasoan etxebizitza eraikinak, haurrentzako ospitale bat eta eskola bat kaltetu dira, eta Odesa eskualdean mugako postu bati eta gas azpiegitura bati eraso egin diete errusiarrek.
Gutxienez 107 pertsona hil dira urre-meategi bat hondoratuta Afrika Erdiko Errepublikan
Ustiategi irregularra Kamerungo mugatik gertu dago. Tokiko agintariek ohartarazi dute biktima kopuruak gora egingo duela erreskate-lanetarako baliabide urriak direla eta.
Eutanasia eta heriotza lagundua ahalbidetuko dituen legea promulgatu du Macronek
Legea Frantziako Aldizkari Ofizialean argitaratu da, legea indarrean sartu aurretik eman beharreko ezinbesteko pausoa.
Haurrak Facebook eta Instagramera katigatu nahi izana ukatu du Metak epaiketa federalaren hasieran
29 estatu estatubatuarrek Facebook eta Instagram nahita manipulatu izana eta Interneten Haurren Pribatutasuna Babesteko Legea (COPPA) urratu izana leporatzen diote Metari.
AEBko bandera, kolono israeldarren aurrean babesteko erreminta
Loui Ridik Ohio utzi eta Zisjordaniara itzultzea erabaki du bere etxea eta familia kolono israeldarrengandik defendatu ahal izateko.
Bruselak Ceutan dauden migratzaile adingabeak Marokora itzultzearen alde egin du
Europako Batzordeko bozeramaile Markus Lammertek berretsi du hiri autonomoan legez kanpo dauden migratzaile guztiak itzuli behar direla, eta espero duela Espainiako eta Marokoko agintariek hori bermatzeko lan egingo dutela.
Baso-suteek ez dute tregoarik ematen Europan
Dozenaka sutek kontinente osoa kiskali dute uda honetan. Baso Suteei buruzko Europako Informazio Sistemaren (EFFIS) datuen arabera, abuztuaren 12ra arte 576.027 hektarea erre ziren lurraldean. Hauek dira sugarren suntsipena erakusten duten satelite-irudi batzuk.
AEB eta Iran bake-elkarrizketa "estraofizialak" egiten ari dira, Trumpen arabera
Bake Memorandumean ezarritako 60 eguneko epea amaitzen den egunean, AEBko presidenteak berretsi du Iranek amore eman beharko lukeela. Horrez gainera, Oman bonbardatzearekin ere mehatxu egin du, honek Ormuzeko itsasartearen kudeaketan esku hartuko balu.