Drone kamikazeek lau zibil hil dituzte Kieven, eta misil batek beste lau Sumyn
Ukrainako larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, lau pertsonaren gorpuak berreskuratu dituzte Errusiak Kieven aurka drone kamikazeekin egindako eraso baten ostean. Sumy eskualdean (iparraldean), berriz, beste lau pertsona hil dira misil baten ondorioz.
Lehenengo hildakoa 34 urteko emakume bat izan da, Shevchenkivskyi auzoko bere etxebizitzan hil dena, eta Ukrainako hedabideek jakinarazi dutenez, haurdun zegoen. Handik gutxira, erreskate zerbitzuek adin bereko bikotekidearen gorpua atera dute hondakinen artetik.
Bestalde, Estatuko Larrialdi Zerbitzuak jakinarazi duenez, misil errusiar batek Sumyko azpiestazio elektriko bateko eraikin batean jo du, herrialdearen iparraldean. Hondakinen artetik lau gorpu eta bizirik dauden hiru pertsona erreskatatzea lortu dute, adierazi dutenez.
Errusiak 43 drone kamikaze jaurti ditu gaur goizean Ukrainara, eta horietatik 37 Kievek bota ahal izan ditu, Ukrinform agentziak aipatutako Ukrainako aire armadak baieztatu duenez. Errusiako Defentsa Ministerioak, ostera, ziurtatu du Ukrainan eraso nahi zituen helburu guztiak "lortu" dituztela.
Igor Konashenkov Defentsa Ministerioko bozeramaileak adierazi duenez, indar errusiarrek "zehaztasun handiko" armekin eraso dute airetik eta itsasotik, Ukrainako "instalazio militarrei" eta sistema elektrikoaren azpiegiturei. "Helburu guztiak lortu dira", esan du, Interfax agentziaren arabera.
Europar Batasunak Errusiak Ukrainan zibilen aurka egindako erasoen inguruko informazioa biltzea adostu du, eta Teheranen aurkako errepresaliak hartzeko mehatxua egin du, Ukrainako agintarien salaketak baieztatzen badira.
"Oso gertutik jarraitzen ari gara droneen erabilera. Frogak biltzen ari gara, eta prest egongo gara eskura ditugun tresnekin erantzuteko ", esan du prentsaurrekoan Josep Borrell EBko Kanpo Politikarako goi-ordezkariak, blokeko Atzerri ministroen bileraren ostean, Luxenburgon.
Vitali Klitxko, Kieveko alkateak, bestalde, Telegrameko bere kontuan adierazi du gutxienez bost leherketa izan direla Shevchenkiv auzoan, hiriburuaren erdialdean. Halaber, droneekin egindako erasoa izan dela baieztatu du, eta, ondorioz, sutea piztu dela eraikin batean. Gainera, hainbat apartamentu eraikin kaltetu dira. Beraz, aire-erasoentzako babeslekuetan egoteko deia egin die hiritarrei alertak dirauen bitartean. Kieveko alkateak emandako behin-behineko informazioaren arabera, gutxienez 19 pertsona erreskatatu dituzte.
Kieveko alkateak prentsaurreko batean berri eman duenez, errusiarrek 30 bat drone jaurti dituzte Kiev ingurura. "Bost lehertu dira, eta gainerakoak Aireko Armadak suntsitu ditu", gaineratu du.
Ukrainako hiriburuan ez ezik, drone kamikazeekin egindako erasoak izan dira herrialdearen hegoaldean ere. Ukrainako Indar Armatuek azaldu dutenez, Iranek hornitutako 15 drone suntsitu dituzte, 6 Odesan eta, 9, Mykolaiven.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak azpimarratu duenez, "arerioak gure hiriak erasotu ditzake, baina ezingo gaitu suntsitu. Okupatzaileek hurrengo belaunaldien bidezko zigorra eta kondena jasoko dute. Eta garaipena lortuko dugu". Bestalde, aireko defentsa sistema eta arma gehiago bidaltzeko eskatu dizkio nazioarteari.
Iragan astean, urriaren 10ean eta 11n, Errusiako Armadak Ukrainako hainbat hiriren aurkako erasoak egin zituen. Bonbardaketa horietan, Errusiak misilak eta drone kamikazeak erabili zituen. Kieven aurkako erasoan, gutxienez sei pertsona hil ziren.
Zaporizhia zentral nuklearraren kanpoko azken linea deskonektatu dute
Errusiako Armadak bart Zaporizhian egindako bonbardaketen ondorioz, zentral nuklearraren kanpoko azken linea deskonektatu dutela nabarmendu du Energoatomek, energia nuklearreko Ukrainako enpresak.
Testuinguru horretan, Zaporizhiako zentral nuklearra desmilitarizatzeko "premiazko neurriak" hartzeko eskatu dio instalazioren jabe den enpresak nazioarteari.
Era berean, Errusiako militar guztiak zentrala dagoen lurraldetik erretiratzea eskatu du, baita Energodar hiritik ere, eta Ukrainak instalazio nuklearraren gaineko kontrol osoa berreskuratzea.
Zaporizhiako zentral nuklearra, Europako handiena, Errusiaren kontrolpean dago iragan martxoaren 4tik. Geroztik, eraso ugari izan dira inguruan, eta Errusiak eta Ukrainak elkarri leporatzen diote horien gaineko ardura.
Zure interesekoa izan daiteke
Idahoko tiroketaren osteko izua: bideo batek jendea oihuka ihesi erakusten du
Auto batetik grabatutako irudietan hainbat pertsona korrika ihesi hasten diren unea ikus daiteke, tiroketa baten berri izan ostean. Gutxienez hiru pertsona hil dira, eta bi zauritu. Ustezko erasotzailea hilda aurkitu dute bertan.
Trumpek bertan behera utzi du Iranen aurkako erasoa, eta berehalako akordioa eskatu dio Teherani
AEBko presidenteak esan du erasoaldia bertan behera utzi duela, akordio baterako oinarriak adostu ostean, eta negoziazioek porrot eginez gero, "Bigarren Mundu Gerratik ikusi gabeko" indar militarra erabiliko duela ohartarazi du.
Haize bolada bortitzek hainbat sute elikatzen jarraitzen dute Atenaseko eskualdean
Hiriburutik 60 kilometro ipar-mendebaldera dagoen Porto Germenon sugarren kontra ari dira suhiltzaileak. Haizea da etsairik handiena une honetan; izan ere, bolada bortitzek sugarrak elikatu dituzte, eta egoera kritikoa da herrialde osoan.
Europar Batasunak premiazko bilera egingo du asteartean Ceutako migrazio krisia aztertzeko, barne ministroak bilduta
EBko Kontseiluaren buru den Irlandak ezohiko bideokonferentzia deitu du, Pedro Sanchezek eta Europako beste 22 liderrek idatziz eskatu ostean.
EBko 22 estatuk Ceutako migrazio krisiaren aurrean erantzun bateratua eskatu dute
Italiak eta Danimarkak bultzatutako gutunean, EBko Barne ministroen ezohiko bilera eskatu dute kanpo-mugen kontrola indartzeko, eta ohartarazi dute erregularizazio masiboek "erakarpen-efektua" izan dezaketela.
Von der Leyenen ustez, Europako mugen kontrola "are gehiago indartu behar da"
Europako Batzordeko presidenteak ohartarazi duenez, "adi egon behar dugu sarbide kritiko guztietan, eta agintari guztien arteko koordinazio estua izan". Era berean, “ikasgaien azterketa-prozesu bat" abiatzeko eskatu du, "Europaren erresilientzia hobetzeko".
Hamasek armagabetzeko akordioa berretsi du, baina Israel Gazatik erretiratzea jarri du baldintza gisa
Testuinguru horretan, talde palestinarrak berretsi du ez duela bere esku dagoen armamentua entregatuko Israel Gazako Zerrendatik erretiratu baino lehen.
AEBk Kuwaiten duen base militar baten aurkako erasoa aldarrikatu du Iranek
Irakeko Gobernuak ukatu egin du bere lurraldearen barruan erasoak baimendu izana, Estatu Batuetako presidenteak aste honetan ziurtatu ostean Saudi Arabiarekin batera eta Irakekin koordinatuta egin zituztela erasoak. Bestalde, Itsaso Gorria babesteko nazioarteko koalizio baten sorrera iragarri du Saudi Arabiak.
AEBk eta Saudi Arabiak Iranen aldeko miliziei eraso egin diete Iraken, drone bidezko eraso baten ondoren
Bonbardaketek Herri Mobilizazioaren Indarretako 20 kide hil eta 32 zauritu dituzte gutxienez, eta Irakek larrialdiko bilera deitu du tentsioak gora egin duelako.
Fujimorismoa itzuli da: Keiko Fujimorik presidente karguaren zina egin du
Alberto Fujimori presidente ohiaren (1990-2000) alabak laugarren saiakeran lortu du presidente izatea. Aurreko hauteskundeetan bigarren itzulian galdu zuen. Azken hamarkadan herrialdeak bizi izan duen ezegonkortasun politikoari aurre egin beharko dio, eta gobernatzeko akordioak lortu beharko ditu, ez baitu eta gehiengo osorik. Gainera, Keiko Fujimorik Trumpengana gerturatzeko asmoa duela iragarri du, eta horrek aldaketa ekar dezake politikan, Peruko ekonomiaren bazkide nagusia Txina baita.