Israelek Gazako komunikazioak eten ditu berriro, eta lurrez, itsasoz eta airez erasotzen jarraitzen du
Israelek Gazako Zerrenda bonbardatzen jarraitzen du, etenik gabe, eta, aldi berean, urriaren 7an gerra-egoera ezarri zuenetik hirugarrenez eten ditu lurraldeko komunikazioak, herritarren, larrialdietako langileen, osasun-langileen eta GKEen komunikazio digitalak eragotziz.
Paltel Palestinako telefonia konpainiak jakinarazi duenez, komunikazioak eta Interneteko konexioak erabat etenda geratu dira Gazako Zerrendan igande arratsaldean, Israelek hala erabakita.
"Israelek zerbitzariak deskonektatu ostean, Gazako komunikazioak eta Interneteko zerbitzuak erabat eten direla jakinarazi behar dugu pena handiz", azaldu du enpresak Al Jazira telebistan.
Palestinako Kazetarien Sindikatuak komunikazioen mozketa salatu, eta Gazako herritarren aurkako "krimenak" egiten ari direla ohartarazi du.
Gauez erasoa Maghazin
Israelek 33 lagun hil eta gutxienez 42 zauritu ditu, Maghazi errefuxiatuen kanpamentuan larunbatetik iganderako gauean egindako bonbardaketan, Gazako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez. Hildako eta zauritu gehienak emakumeak eta haurrak dira. Zauritutakoak Shuhada al Aqsa ospitalera eraman dituzte.
Ministerioaren hitzetan, familia bereko 21 pertsona hil ditu Israelek, haien etxearen kontra egindako erasoan. Kazetari grafiko palestinar baten familia zen, eta bere lau seme-alabak galdu ditu; hildako gehienak emakumeak eta haurrak ziren.
Halaber, Al Shati Gazako iparraldeko errefuxiatuen kanpamentuan ere erasoak izan direla jakinarazi dute.
Palestinako Ilargi Gorriak, bestalde, "bonbardaketa gogorrak eta artilleria erasoak" salatu ditu igande honetan Al Quds ospitaletik eta Gazako hirian duen egoitzatik gertu, eta "biktima ugari" eragin dituztela erantsi du.
"Bonbardaketek dardarka jartzen dute eraikina, eta, erasoen larritasuna dela eta, larrialdi zerbitzuak atera ezinda daude", ziurtatu du laguntza humanitarioko erakundeak X sare sozialean zabaldutako ohar labur batean.
Palestinako Ilargi Gorriak gaineratu duenez, ospitaletik 50 bat metrora dagoen eraikin bat, Tel al Hawa auzoan, erabat suntsitu dute. Zabaldu dituzten irudietan eztandak entzun daitezke eta eraikin suntsitua ikusi.
Israelgo Armadak gau osoa eman du Gazako Zerrendako hainbat guneri eraso egiten. Israelgo Defentsa Indarrek (FDI) ziurtatu dute 2.500 helburu baino gehiago suntsitu dituztela Gazako Zerrendan, urriaren 7an Hamas Erresistentzia Mugimendu Islamikoaren aurkako gatazka hasi zenetik. "Israelgo Armadak Hamasek Gazako Zerrendan dituen azpiegitura terroristak, arma-biltegiak, behaketa-postuak eta kuartel operatiboak suntsitzeko hegazkinak zuzentzen jarraitzen du, bai eta aurrez aurreko guduetan terroristak neutralizatzen ere", azaldu dute X sare sozialean (lehen Twitter).
Israelgo Estatuak azpimarratu du Hamas duela helburu, ez biztanleria zibila, baina, Israelen arabera, milizianoek "giza ezkutu" gisa erabiltzen dituzte zibilak. Bien bitartean, ia 10.000 dira (9.770) urriaren 7tik Israelek hil dituen palestinarrak, 4.800 haur tartean.
Bestetik, Israelgo indarrek ia berrogeita hamar palestinar atxilotu dituzte igande honetan Zisjordania okupatuan egindako sarekada berrietan. Tropek lau pertsona ere hil dituzte indarkeriazko istiluetan, eta 150 baino gehiago hil dira lurralde horretan, urriaren 7an Israelen eta Gazaren arteko gerra piztu zenetik. Atxiloketak Ramallah, Birzeit eta Bil'in herrietan izan ziren, Zisjordania erdialdean, baita Jenin hirian ere, iparraldean, edo Betleem, Tulkarem, Tubas eta Jerusalem inguruetan.
24 kamioi laguntza humanitarioz
Bien bitartean, laguntza humanitarioarekin kargatutako 24 kamioi Gazako Zerrendan sartu dira gaur, eta 75 Israelgo agintariek ikuskatzeko zain daude, Egipto eta Gaza lotzen dituen Rafahko muga zeharkatzeko.
Al Qahera News Egiptoko telebistak igande honetan jakitera eman duenez, "24 kamioi Gazara iritsi dira Rafahko igarobidetik", eta beste 75 zain daude.
Azaldu dutenez, Awjako pasabidera joaten dira, Egipto eta Israel artean, eta Israelen mugako kontroleko kideek gainbegiratzen dituzte. Izapide hori egin ondoren, konboiak Rafahra itzultzen dira, baina soilik Israelen baimena lortu dutenak pasatu ahal izaten dira Gazara.
Sameh Shukri Egiptoko Kanpo Arazoetako ministroak Elikagaien Munduko Programaren aurrean salatu duenez, laguntza emateko prozesua moteltzen duen "zailtasun logistikoa" da hori.
Israelek duela bi aste Gazako Zerrendan laguntza humanitarioa sartzen utzi zuenetik, hornigaiak sartu dira, baina ez erregairik, Israelek debekatutako gaia baita, Hamas talde islamistaren eskuetara iritsiko den beldur delako. Baina oso beharrezkoa da ospitaleek, okindegiek eta ura edangarri bihurtzeko plantek funtzionatzen jarrai dezaten.
Gazarako laguntza humanitarioaren fluxuak GKEen eta NBEren kondena uholdea eragin du, eta ohartarazi du Gazara sartzen den laguntza herritarren "beharren ozeanoan tanta bat baino ez" dela.
Nazio Batuen arabera, Israelen eta Hamasen arteko gerra hasi aurretik, laguntza humanitarioa eramaten zuten 500 kamioi sartzen ziren egunero Gazara, Israelen setiopean egonda ere. Bi aste hauetan, baina, guztira 300 kamioi eskas sartu dira, elikagaiekin eta material medikoarekin.
Horrez gain, Rafahtik Egiptorako bidegurutzean zehar zauritutako Gazako biztanleen eta atzerriko pasaporteen titularren ebakuazioak bertan behera utzi zituzten larunbatean, Israelek ostiralean Gazan zaurituak garraiatzeko erabiltzen zen anbulantzia-konboi baten aurka eraso egin ondoren. Israelgo Armadak esan zuen, frogarik erakutsi gabe, ibilgailuak Hamaseko militanteak eramateko erabiltzen ari zirela. Egiptoko, AEBko eta Qatarko funtzionarioek jakinarazi dute ahaleginak egiten ari direla zaurituen eta atzerritarren ebakuazio horiek berriro martxan jartzeko.
Korridore humanitarioa
Israelgo Armadak hegoalderantz mugitzeko aukera eman die gaur Gazako iparraldeko biztanleei, Salah al Din errepidean barrena, bertako 10:00etatik 14:00etara, eta aukera baliatu dute askok.
Leiho hori larunbatean ere ireki zuten, baina gazatarrak ez ziren bidean jartzera ausartu, erasoetan hiltzeko beldurrez.
Zure interesekoa izan daiteke
Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan
Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.
Sussexeko dukeak, Harry eta Meghan, Erresuma Batura itzuliko dira, baina Errege Etxetik kanpo jarraituko dute
Sussexeko dukeek, Harryk eta Meghanek, Erresuma Batura itzultzea erabaki dute, eta han matrikulatu dituzte bi seme-alabak, Archie eta Lilibet, oraindik identifikatu gabeko ikastetxe batean. Bikoteak Errege Etxetik urrun jarraituko du eta Londrestik kanpo biziko da, hedabide britainiarren arabera.
Gutxienez 15 pertsona hil dira Errusiak Kieven aurka egindako erasoan
Ukrainako presidenteak salatu duenez, erasoan etxebizitza eraikinak, haurrentzako ospitale bat eta eskola bat kaltetu dira, eta Odesa eskualdean mugako postu bati eta gas azpiegitura bati eraso egin diete errusiarrek.
Gutxienez 107 pertsona hil dira urre-meategi bat hondoratuta Afrika Erdiko Errepublikan
Ustiategi irregularra Kamerungo mugatik gertu dago. Tokiko agintariek ohartarazi dute biktima kopuruak gora egingo duela erreskate-lanetarako baliabide urriak direla eta.
Eutanasia eta heriotza lagundua ahalbidetuko dituen legea promulgatu du Macronek
Legea Frantziako Aldizkari Ofizialean argitaratu da, legea indarrean sartu aurretik eman beharreko ezinbesteko pausoa.
Haurrak Facebook eta Instagramera katigatu nahi izana ukatu du Metak epaiketa federalaren hasieran
29 estatu estatubatuarrek Facebook eta Instagram nahita manipulatu izana eta Interneten Haurren Pribatutasuna Babesteko Legea (COPPA) urratu izana leporatzen diote Metari.
AEBko bandera, kolono israeldarren aurrean babesteko erreminta
Loui Ridik Ohio utzi eta Zisjordaniara itzultzea erabaki du bere etxea eta familia kolono israeldarrengandik defendatu ahal izateko.
Bruselak Ceutan dauden migratzaile adingabeak Marokora itzultzearen alde egin du
Europako Batzordeko bozeramaile Markus Lammertek berretsi du hiri autonomoan legez kanpo dauden migratzaile guztiak itzuli behar direla, eta espero duela Espainiako eta Marokoko agintariek hori bermatzeko lan egingo dutela.
Baso-suteek ez dute tregoarik ematen Europan
Dozenaka sutek kontinente osoa kiskali dute uda honetan. Baso Suteei buruzko Europako Informazio Sistemaren (EFFIS) datuen arabera, abuztuaren 12ra arte 576.027 hektarea erre ziren lurraldean. Hauek dira sugarren suntsipena erakusten duten satelite-irudi batzuk.
AEB eta Iran bake-elkarrizketa "estraofizialak" egiten ari dira, Trumpen arabera
Bake Memorandumean ezarritako 60 eguneko epea amaitzen den egunean, AEBko presidenteak berretsi du Iranek amore eman beharko lukeela. Horrez gainera, Oman bonbardatzearekin ere mehatxu egin du, honek Ormuzeko itsasartearen kudeaketan esku hartuko balu.