Itsaso Gorrian dabiltzan merkataritza ontziak babesteko itsas misioa onartu du Europar Batasunak
Europar Batasuneko Atzerri ministroek gaur onartu dute Aspides operazioa, Itsaso Gorrian dabiltzan merkataritza ontziak huthien erasoetatik babesteko.
Zehazki, Alemania, Frantzia, Grezia eta Italiako fragatak parte hartuko dute misioan, eta Grezia izango da guztien buru. Halaber, hegazkinak ere bidaliko dituzte Itsaso Gorrira, hainbat iturri diplomatikok zabaldu duten informazioaren arabera.
Defentsarako misioa izango da eta Persiar Golkoan, Omango Golkoan, Adengo Golkoan eta Itsaso Gorrian nabigatzen ari diren merkataritza ontziak eskoltatu ez ezik, huthiek bota ditzaketen misilak edo droneak eraitsiko ditu.
Erasoen aurrean erantzun egingo badute ere, ez dute matxinoen posizioen aurka egingo, Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak Prosperity Guardian misioarekin egiten duten bezala.
Azaroaren 19az geroztik, huthiek Itsaso Gorritik, Adengo golkotik eta Bab el-Mandeb itsasartetik igarotzen ari ziren 30 merkataritza ontzi ingururen aurka egin dute, Israelgo ontziak zirela edo Israelera zihoazela argudiatuta.
Azken aldian Yemengo milizia huthiek merkataritza ontziei egindako erasoen ondorioz, garraio enpresa askok nabigatzeko bide alternatiboak bilatu dituzte eta Hegoafrikaraino jaistea erabaki dute, ibilbide askoz luzeagoa eta garestiagoa eginez.
Zure interesekoa izan daiteke
Erregaiaren prezioak kamioilariak estutu eta AEBko ondoez ekonomikoa larriagotzen ari da
Ehun bat zauritu eta 13 atxilotu Portugalen, etxebizitzaren aldeko kanpaldiak berriro hustu ondoren
Dozenaka kanpadenda jarri dituzte Erromako Koliseoaren aurrean, bizitzaren kostua garestitzearen aurka protesta egiteko
Manifestazio jendetsuak izan dira hirugarren larunbatez Frantzian, eta 500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte