Bilera
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Netanyahuk nazioarteko erreguei entzungor eginez esan duenez, Israelek eraso egingo dio Rafahri

Alemaniako kantzilerrarekin izan duen bileraren ostean adierazi du Rafahko zibilak ez direla han harrapatuta geratuko erasoaldia hasten denean. Scholzen ustez, "ezin gara besoak antxumatuta geratu, palestinarrak gosez hiltzen diren bitartean".
Olaf Scholz eta Benjamin Netanyahu
Olaf Scholz eta Benjamin Netanyahu. Argazkia: EFE

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk ez du Hamasen aurkako erasoaldia eteteko asmorik, nahiz eta gaur, igandea, balizko su-eten baten gaineko negoziazioei ekin dieten berriro Qatarren.

Netanyahuren hitzetan, Rafahri eraso egingo dio Israelek, hau da, gazatarrek duten leku seguruena suntsitzeko asmoz jarraitzen du, gerra hasi zenetik bost hilabete igaro direnean, eta zibilen aurkako erasoak gelditzeko nazioartetik jasotako presioa gorabehera.

Jerusalemen Olaf Scholz kantziler alemanarekin bildu ostean erantsi du erasoaldia hasten denean Rafahko zibilak ez direla han harrapatuta geratuko.

Esan bezala, Israelen aliatuak erreguka ditu Rafahri eraso ez egitea eskatuz. Gazako hainbat lekutatik babes bila iritsitako milioi bat erbesteratu bizi dira bertan. Presio horren aurrean, baina, Israelgo lehen ministroak, iazko urriaren 7an Hamasek egindako erasoak gogora ekarrita, nazioarteak duen "oroimen falta" kritikatu du.

Scholz: "Ezin gara besoak antxumatuta geratu, palestinarrak gosez hiltzen diren bitartean"

Bestalde, Alemaniako kantziler Olaf Scholzek Gazara laguntza gehiago bidaltzeko beharraz jardun du, eta Zerrendan hil dituzten milaka zibilei buruz galdetu dio Netanyahuri.

"Ezin gara besoak antxumatuta geratu, palestinarrak gosez hiltzen diren bitartean, hori ez da guk zabaldu nahi dugun mezua", esan du. Rafahri eraso egitearen aurka ere agertu da Scholz.

Bukatzeko, Scholzek Netanyahuri galdegin dio malguagoa izan dadila oraindik ere Hamasen esku dauden 134 bahituak askatzeko negoziazioetan, eta ulerkor azaldu da horien senitartekoekin.

Zure interesekoa izan daiteke

FOTODELDÍA -   CEUTA, 02/08/2026.- Medios desplegados intentan detener a un migrante este domingo en Ceuta. EFE/Reduán
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marokok mafiei, desinformazioari eta itzulketei buruzko gaizki-ulertuei egotzi die Ceutako krisia

Marokoko Barne Ministerioak migratzaileak Ceutan masiboki sartu izanari buruzko lehen balorazioa egin du, eta 11 pertsona hil direla adierazi du. Rabaten esanetan, giza trafikoko sareek, desinformazio kanpainek eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epai baten interpretazio okerrak eragin dute egoera. Epai horren ondorioez ohartarazi zion Marokok Espainiari, bertako iturri baten arabera.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X