Zer dakigu Libanoko erasoei buruz eta nola manipulatu ahal izan dituzte gailuak?
Aurrekaririk gabeko eta inoiz ikusi gabeko sofistikazio teknologikoko eraso masibo batek gutxienez 9 hildako eta 2.800 zauritu utzi ditu Libanon, teorian Hezbollahko kideen eskuetan zeuden ehunka gailu elektroniko modu koordinatuan lehertuta. Alderdi-milizia xiitak baieztatu duenez, 12 kide hil dira, nola hil diren zehaztu ez badu ere. Antza denez, Israelek gailu horiek manipulatu ditu zartarazteko.
Hauxe da orain arte gertatutakoaz dakiguna:
NOIZ ETA NON GERTATU DIRA LEHERKETAK?
Eztandak 15:30 inguruan hasi dira Libanon, Beirut hegoaldeko Dahiyeh auzoan eta Bekaa ekialdeko haranean, guztiak Hezbollahren gotorlekuak. Ordubete inguru iraun dute. Leherketen grabazioei erreparatuta, eztandetako batzuk dispositiboek jo ondoren gertatu ziren. Horren ondorioz, pertsonak dispositiboak eskuekin hartu edo aurpegira hurbildu dituzte pantaila egiaztatzeko.
ZENBATERAINOKOAK IZAN DIRA LEHERKETAK?
Leherketak nahiko mugatuak edo txikiak izan dira. Supermerkatuetan grabatutako bi bideoak ikusita, adibidez, badirudi eztandek tramankulua zeraman edo hurbilen zuen pertsona bakarrik zauritu dutela. Sare sozialetan partekatutako irudietan ageri diren pertsonek aurpegian, hatzetan eta aldakan maila desberdinetako zauriak dituzte. Leherketek ez dute kalte handirik eragin, ezta suterik ere.
ZER APARATU MOTA LEHERTU DIRA?
Reutersen arabera, Gold Apollok, egoitza Taiwanen duen fabrikatzaile batek, egindako dispositiboekin bat datozen ezaugarriak erakusten dituzte suntsitutako aparatuen irudiek.
Hala ere, Taiwango enpresak ukatu egin du Libanoko leherketetan erabilitako gailuak ekoitzi izana. Azaldu duenez, Hungariako hiriburuan (Budapest) egoitza duen 'BAC' izeneko konpainiak egiten ditu.
Hezbollah bilatzaile horiek erabiltzen hasi da behe-teknologiako bitarteko gisa, Israelek pertsona horien kokapena arakatu ez zezan. Reutersek aipatutako hiru Segurtasun iturrien arabera, eztanda egin duten pertsonen bilatzaileak azken hilabeteetan lortutako modelo berria ziren.
ZERK ERAGIN DU BILATZAILEEN LEHERKETA?
Horixe da galdera nagusia. The New York Times egunkariak kaleratu duen informazioaren arabera, Israelek lehergailuak jarri zituen Taiwanen ekoitzitako eta Hezbollahri saldutako bilagailuetan. Itxuraz, Hezbollahk Taiwango Gold Apollo enpresari 3.000 gailu erosi zizkion eta Israelek jarri zituen lehergailuak, Libanora iritsi aurretik, beste herrialde batean.
Antza, lehergailuak bilagailu bakoitzaren bateriaren ondoan ezarri ziren eta mekanismo bat gehitu zitzaien, urrunetik leherrarazteko. Ustez, Hezbollahko kupulak bidalitako mezu faltsu batean klik eginda aktibatzen zen lehergailua. Halaber, eztandaren aurretik gailuek soinu bat egin zuten.
Lehen momentuan, bateriak lehertu izanaren aukera jarri da mahai gainean. Reuters agentziak aipatutako diplomazia eta segurtasun iturri batzuen arabera, litekeena da dispositiboen bateriak zartarazteak eragin izana leherketak, beharbada gehiegi berotzeagatik.
Hala ere, Reutersekin hitz egin duten beste batzuek adierazi dute ez dutela uste bateria nahikoa denik eztanda eragiteko. Paul Christensen Newcastleko Unibertsitateko litio ioiko baterien segurtasunean adituak azaldu duenez, badirudi pertsona-bilatzaileen leherketek eragindako kaltearen maila antzerako bateria matxura edo huts-egite kasu ezagunekin ez datorrela bat.
"Su hartu eta eztanda egiten duen bateria txiki samar bati buruz ari gara. Ez gara leherketa kaltegarri bati buruz ari. Baterien dentsitate energetikoari buruz gehiago jakin beharko nuke, baina nire intuizioak ezin daitekeela gertatu esaten dit ", adierazi du.
SMEX Libanoko eskubide digitalen erakundeak albiste-agentzia berean azaldu duenez, Israelek gailuaren ahulezia bat aprobetxatu du hori lehertzeko. Pertsona-bilatzaileak Hezbollahren eskuetara iritsi aurretik ere atzeman ahal izan dituztela eta elektronikoki manipulatu edo lehergailu bat ezartzeko aukera ere mahai gainean jarri du.
Iritzi berekoa da Edward Snowden Errusian errefuxiatutako CIAko kide ohia: "Litekeena da lehergailuak dispositibo barruan jartzea, eta pirata informatikoen zibererasoa ez izatea", idatzi du X sare sozialean.
Israelgo Inteligentzia Zerbitzuek lehergailuak jarri dituzte aurretik telefono pertsonaletan etsaiei eraso egiteko, Ronen Bergman kazetari israeldarrak, arma eta segurtasun adituak, Rise and Kill First: The Secret History of Israel's Targeted Assassinations liburuan zehaztu zuenez. Pirata informatikoek gailu pertsonaletan kode kaltegarri bat txertatzeko gaitasuna erakutsi dute, eta kasu batzuetan gehiegi berotu eta lehertu dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Bizirik erreskatatu dituzte Nepalgo tunel batean harrapatuta geratu ziren bi langile, eta bizirik gehiago daudela esan dute
Uholdeak gertatu eta hamar egunera, bi gizonak tunelaren sarreratik 170 metrora aurkitu dituzte, erreskate taldeek barrutik zetozen ahotsak entzun ostean. Familien ustez, "miraria" izan da.
Mileik zigorrak iragarri ditu Malvinetan lan egiten duten enpresentzat eta base militar berri bat Suaren Lurraldean
Argentinako presidenteak artxipelagoaren inguruko estrategia gogortu du, eta Donald Trumpek gai horretan AEBren orain arteko neutraltasuna berrikustea proposatu du; Erresuma Batuak, bere aldetik, berretsi du uhartedi horrekin duen konpromisoa "erabatekoa eta mugiezina" dela.
Gloria Steinem ikono feminista hil da, 92 urte zituela
Idazle eta kazetariak bularreko minbizia izan zuen 80ko hamarkadan, eta 2021ean Komunikazio eta Giza Zientzien Asturiasko Printzesa Saria irabazi zuen Espainian.
Nepal, astebete geroago: 1.250 hildako eta 4.200 lagun baino gehiago agertu barik
Nepalgo Poliziak odol eta DNA laginak eskatu dizkie desagertuen senideei, ehunka gorpu identifikatzeko.
Von der Leyenek eta Ruttek "presio handiagoa" egingo diote Moskuri Leipzigeko erasoaren ostean
Europako Batzordearen presidenteak uste du horrelako gertakariak "normaltasun berria" direla, eta europarrek "aurrerapausoa ematea" eskatzen dutela.
Zelenskik ohartarazi du Errusiako aire-espazioa "oso arriskutsua" dela hegazkinentzat
Ukrainako presidenteak adierazi du Errusiako aire-espazioa de facto itxiko dela; izan ere, drone bidezko erasoak areagotu egin dira eta ezin da segurtasuna bermatu. Bien bitartean, hogeita zazpiak eguerdian bilduko dira erantzun bateratu bila, Moskuk Alemaniako aireportu batean atzo egindako "sabotaje-saiakera" dela eta.
Bruselaren arabera, ez dago frogarik Ceutako krisia atzerriko aktore estatalen desinformazioak eragin zuela ziurtatzeko
Hala ere, Errusiak sare sozialetan krisia dela eta probetxua ateratzeko saiakerak egin dituela atzeman duela baieztatu du erakundeak.
Alemaniak Errusia jo du Leipzigeko aireportuaren aurkako erasoaren erantzuletzat
Aireportu hori armak bidaltzeko gune neuralgikoa da, Ukrainako gerrarekin lotutakoak barne.
Mila lagun baino gehiago hil dira Nepalen uholdeen ondorioz, eta 3.900 pertsona desagertu dira
21.000 agente baino gehiago ari dira bilaketa eta erreskate lanetan, eta 11.814 pertsona erreskatatzea lortu dute, 253 atzerritar barne.
Sheinek estreinako makala egin du Hong Kongeko burtsan, eta % 4ko galerekin dabil
Txinako ehungintza erraldoiak zulo handiekin hasi du burtsako ibilbidea, eta % 10eko galerak ere izan ditu uneren batean. Bien bitartean, gaur, asteartea, abiatuko du Frantziak negozio eredu horren aurkako eraso fiskala, produktu bakoitzaren gaineko 12 eurorainoko kargak martxan jarriz.