Nasrallahren heriotzaren aurrean erreakzionatu du munduak
Israelek Hezbollah talde xiitako buru Hassan Nasrallah hil du bart Beiruten egindako erasoetan, eta alderdi-milizia libanoarrak baieztatu ostean, bata bestearen atzetik etorri dira errakzioak, bai inguruko herrialdeetatik, bai urrunagokoetatik.
Najib Mikati Libanoko lehen ministroak gaitzetsi egin du Hassan Nasrallahren erailketa, eta "batasuna" eskatu du Israelek Libanoren aurka duen "gerra genozidari" aurre egiteko.
"Gure batasuna da gaur, nazioaren bizitzako une erabakigarri hauetan, Israelen erasoari eman diezaiokegun erantzunik indartsuena", esan du Mikatik Ministroen Kontseiluan, New Yorkeko NBEko Batzar Nagusitik aurreikusi baino lehenago itzuli ostean egindako agerraldian.
Libanoko Gobernuak hiru dolu egun ofizial izendatu ditu irailaren 30etik aurrera, eta aurreratu du Hezbollahko buruzagiaren hiletan "lan guztiak" geldituko direla herrialdean, baina ez du zehaztu hiletak noiz izango diren.
Hezbollahren aliatu garrantzitsua den heinean, Iranek Nasrallah goraipatu, eta haren bideari eutsiko diola adierazi du.
"Erresistentziako buruaren bide loriatsuari jarraituko diogu, eta Jerusalem askatzeko helburua beteko dugu, Jainkoa lagun", idatzi du Irango Atzerri Ministerioko bozeramaile Nasser Kanaanik X sare sozialean duen kontuan.
Masud Pezeshkian Irango presidenteak esan du "gerra krimena" eta "Estatu terrorismoa" direla Israelek Beiruten egin dituen bonbardaketak.
"Erregimen sionistak palestinarren eta libanoarren aurka egindako krimenek agerian uzten dute nazioarteak porrot egin duela Estatu terrorismoaren makineria geldiarazteko", adierazi du Pezeshkianek azken orduotan kaleratutako ohar batean.
Irango presidenteak esan du bonbardaketa horien egilea dela "eskualdeko eta nazioarteko segurtasunaren eta bakearen mehatxu handiena", eta "krimena gaitzesteko" deia egin die munduko herrialde guztiei, islamikoei bereziki.
Pezeshkianek "Erresistentziaren ardatza" babestu du, Teheran buru duena eta, besteak beste, Hamas eta huthiak barne hartzen dituena.
Hezbollahk Nasrallahren heriotza baieztatu baino lehentxeago, Ali Khamenei Irango buruzagi gorenak esan du Israel "txikiegia" dela mugimendu libanoarrari kalte adierazgarriak egiteko.
"Kriminal sionistek jakin beharko lukete txikiegiak direla Hezbollahren egiturari kalte egiteko", berretsi du Khameneik ohar batean.
Hamasen esanetan, buruzagi "are indartsuago" batek hartuko du Nasrallahren lekua
Hamas mugimenduak atsekabez hartu du heriotzaren albistea, baina buruzagi berri "are indartsuagoak eta ausartagoak" iritsiko direla esan du.
"Doluminak agertu nahi ditugu, eta Libanoko herriari, Hezbollahko anaiei eta Libanoko erresistentzia islamiarrari elkartasuna adierazi". Hitz horiekin hasi du Israelen "eraso basatia" gaitzesteko kaleratu duen oharra.
Israelek ohartarazi du gerra ez dela amaitu
Israelgo Defentsa Indarren bozeramaile Daniel Hagarik, bestalde, ohartarazi du Hezbollahren aurkako eraso militarrak ez direla bukatu Nasrallahren heriotzarekin.
"Hau ez da amaitu, Hezbollahk gaitasun handia dauka oraindik", esan du Hagarik adierazpen batean.
Nasrallahren heriotzaren berri pozik hartu du, eta nabarmendu du hainbat hamarkadatan Israelen "etsai handienetakoa" izan dela, eta mehatxua zela herritarrentzat. "Haren heriotzak mundu seguruago batera garamatza", azpimarratu du.
Errusiak Nasrallahren "hilketa politikoa" gaitzetsi du
Errusiak irmotasunez gaitzetsi du "hilketa politikoa", eta ziurtatu du "ondorio izugarriak" izango dituela.
"Irmoki gaitzesten dugu Israelek egindako hilketa hau ere", adierazi du Atzerri Ministerioak ohar batean, eta erantsi du eraso horrek "ondorio larriak" izan ditzakeela Libanon eta Ekialde Hurbil osoan.
Israelek Libanon erabilitako "politika genozidak" salatu ditu Erdoganek
Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek salatu du Israel "politika genozidak" erabiltzen ari dela Libanon, nahiz eta ez dituen Hezbollah eta horren buru zena (Hassan Nasrallah) zuzenean aipatu.
"Libano eta libanoarrak Israelen politika genoziden, okupazioaren eta inbasioaren helburu berria dira", esan du X sare sozialean.
Nasrallahren heriotza "biktimentzako justizia neurria" dela uste du Bidenek
Joe Biden AEBko presidenteak larunbat honetan adierazi duenez, Nasrallahren heriotza "justizia neurria da bere biktima askorentzat, baita milaka zibil estatubatuar, israeldar eta libanoarrentzat ere".
"Hassan Nasrallah eta hark zuzentzen zuen Hezbollah talde terrorista, ehunka estatubatuar hiltzearen erantzule izan ziren lau hamarkada inguru iraun zuen terrorezko agintaldi batean", adierazi du Bidenek, Etxe Zuriak igorritako ohar batean.
"AEBk erabat babesten du Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidea, izan Hezbollahrengandik, Hamasengandik, huthiengandik edo Iranek babestutako beste edozein talde terroristaregandik", gaineratu du.
Guterres, "biziki kezkatuta" Libanoko egoerarekin
Munduko beste hiriburuetan izandako erreakzioen kontrara, Guterresek ez du Nasrallahren hilketa gaitzetsi, eta ez du Israel aipatu bonbardaketen egiletzat, nahiz eta Benjamin Netanyahuren gobernuak hala onartu.
Segurtasun Kontseiluak 2006an onartu zuen Libanori buruzko 1.701 ebazpena osorik aplikatzeko eskatu die aldeei, horren etengabeko urraketek –bai Israelen bai Hezbollahren partetik- paper busti bihurtzen dutelako, eta inolako ondoriorik gabe gainera.
Bestalde, Israelek Nasrallahren aurka egindako "eraso koldar eta basatia" gaitzetsi du Siriak ere, Atzerri Ministerioak ohar batean jakinarazi duenez. "Ekintza arbuiagarri honek agerian uzten du, berriro ere, Israelen traizioa, izaera koldar eta terrorista, balio moralik eza eta nazioarteko legeekiko basakeria eta mespretxua", adierazi du.
Bestalde, Mahdi al Mashat Yemengo huthiek ezarritako Kontseilu Politiko Goreneko presidenteak hiru dolu egun iragarri ditu Nasrallahren "martirioagatik".
Zure interesekoa izan daiteke
Indonesiako zenbait aireportu berriz ireki dituzte, Anak Krakatoa sumendiaren erupzioaren ondorioz itxita egon ostean
Krakatoaren erupzioaren ondoren asteburutik itxita zeuden Jakartako aireportu nagusia eta beste lau aireportu ireki ditu berriro Indonesiak. 3.000 hegaldi eta 370.000 bidaiari inguru kaltetu dira udako oporren itzulera operazio betean. Anak Krakatoa sumendia Indonesiako hiriburutik 150 kilometrora dago eta erupzioan sartu zen ostiralean, laba eta errauts-zutabe handiak jaurtiz.
Istiluak Erresuma Batuan, ultraeskuindarrek migrazioaren aurka egindako manifestazioetan
Liskarrak izan dira bart Portsmouthen migrazioaren kontrako manifestari ultraeskuindarren eta poliziaren artean eta hainbat agente zauritu dira. Larunbatean eskuin muturreko ehunka kaputxadunek Doverreko portua blokeatu zuten, Mantxako kanaletik ontzi batean iritsitako 140 migratzaileren lekualdatzea saihesteko. Gobernu britainiarrak eta alderdi politiko guztiek manifestazioak salatu dituzte.
Europako liderrek kezkaz hartu dute AfDren garaipena: "Mehatxua da Europarentzat"
AfDk Alemaniako eskualde batean bakarrik gobernatzeko gehiengo absolutua lortu ez bazuen ere, emaitza errekorra lortu zuen igande honetan, botoen % 43,8 eskuratuta, Friedrich Merz kantzilerraren alderdiaren aurretik ( % 17,2).
Aramburu errugbi jokalari ohiari tiro egin zion akusatu nagusiak heriotzaren egilea dela aitortu du
Astelehen honetan hasi den epaiketan, akusazioak "premeditazioa" frogatu nahi du, ez zela homizidioa izan, erailketa baizik.
Milaka serbiar bildu dira Belgraden Mladicen hiletarako, EBren ohartarazpenak gorabehera
Ehunka lagun hurbildu dira Belgraden gerra-kriminal Ratko Mladicen hil-kaperara, hileta ospatu aurretik. Mladic abuztuaren 27an hil zen, 84 urte zituela, Hagako kartzela batean bizi osorako espetxe-zigorra betetzen ari zela. "Bosniako harakina" ezizenez ezaguna, Mladic 2017an kondenatu zuten genozidioagatik, gerra-krimenengatik eta gizateriaren aurkako krimenengatik, Jugoslavia ohian 1992tik 1995era bitartean izandako gerretan. Europar Batasunak Serbiari ohartarazi dio Ratko Mladici ohoreak egiteak edo hura goratzeak arrisku larrian jartzen duela EBn sartzeko prozesua.
Ormuzko itsasartean beste eremu mugatu bat ezarriko duela iragarri du Iranek
Teheranek ohartarazi duenez, bertatik bere baimenik gabe igarotzen diren ontziak zigortu egingo ditu. AEBk dioenaren kontrara, itsasartea erabat itxita dagoela azpimarratu du Iranek.
Kushner eta Witkoffek Kievera egindako lehen bisitak ez du urratsik ekarri bakerako bidean
AEBk, Ukrainak eta Europako bazkideek adostu dute datozen asteetan bilera gehiago egitea eta neguari begira Ukrainari laguntza indartzea. Lehentasunen artean daude aire-defentsarako sistema gehiago, energia-sektorerako laguntza eta hornidura osagarriak.
Susan Sarandonek salatu du hainbat zinema proiektutatik kanpo utzi dutela Israel kritikatzeagatik
Bere azken filma aurkezten ari zela, Palestinaren defentsa publikoarengatik ondoriorik bizi izan ote duen galdetu diote aktore estatubatuarrari Mostran, eta zenbaitek betatu egin dutela onartu du.
AfD ultraeskuindarrak garaipen zabala lortu du Saxonia-Anhalten, eta gehiengo osoaren atarian geratu da
Litekeena da Sahra Wagenknecht Aliantzaren (BSW) abstentzioa nahikoa izatea Alemanian alderdi ultra batek estatu batean berriro agintea hartzeko.
AEBko ordezkariak Kieven dira, ia bost urtean lehen aldiz, Zelenskirekin biltzeko
Steve Witkoff eta Jared Kushner AEBko Gobernu ordezkariak Kievera iritsi dira, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin biltzeko. Bezperan, Moskun izan ziren Vladimir Putini gerrari amaiera emateko proposamen bat aurkezteko, eta proposamen hori helaraziko diote gaur Zelenskiri.