NBEk Israelek Libanoko bake misioaren aurka egindako erasoak salatu ditu, eta "onartezinak" direla esan du
NBEk Libano hegoaldean duen misioak (UNIFIL) Israelek UNIFILen kuartelaren aurka egindako erasoak salatu ditu gaur, eta kasko urdinen bizitza "arriskuan" jartzen ari dela ohartarazi du.
X sare sozialean zabaldutako ohar batean, misioak baieztatu du bere bi soldadu zauritu dituztela "Naqourako (Libanoko hegoaldea) UNIFILen kuartel nagusian bi leherketa eraginda, azken 48 orduetan bigarren aldiz".
Eztandak behaketa-dorre batetik gertu izan direla azaldu du, eta, NBEren esanetan, "zaurituetako bat Tiroko ospitale batera eraman dute, eta bestea, berriz, Naqourakora".
Salatu duenez, Labounehen, banalerro urdinetik gertu, "FDIko (Israelgo Defentsa Indarren) ibilgailu batek horma jo eta behera bota du, eta FDIren tankeak Nazio Batuen posiziotik gertu pasatu dira".
"Istilu horiek arriskuan jarri dituzte berriro NBEko langileak, Libano hegoaldean zerbitzua ematen ari baitira, Segurtasun Kontseiluak 1.701 ebazpenaren bidez eskatuta", oharraren arabera. Libano eta Israelen arteko 2006ko gerrari amaiera eman zion ebazpen horrek.
"Gertakari larria da", UNIFILen ustez, eta "Nazio Batuen langileen eta ondasunen segurtasuna bermatu behar da, eta instalazioen bortxaezintasuna errespetatu". "Bakea mantentzeko indarren aurka nahita egindako eraso oro nazioarteko zuzenbide humanitarioaren eta 1.701 ebazpenaren urraketa larria da", berretsi du.
Era berean, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak gaitzetsi egin ditu eraso horiek, eta "oso argi" adierazi dio Netanyahuren gobernuari gertakari "onartezinak" direla. "Ezin dira errepikatu", azpimarratu du Guterresek prentsaurrekoan, Laosen.
NBEko arduradun nagusiak ohartarazi du erakundearen instalazioen aurka tiro egitea "Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urraketa" dela. "Bake indarrak gatazkaren alde guztiek babestu behar dituzte, eta gertatu dena, jakina, gaitzesgarria da", erantsi du.
Charles Michel Europako Kontseiluko presidentearen arabera, "arduragabea" eta "onartezina" da Israelgo Armadak ostegunean NBEk Libanon duen misioaren aurka egindako erasoa. Bestalde, Frantziako Gobernuak Israelek Parisen duen enbaxadorea deitu du, bake misioaren posizioen inguruan "nahita" egindako azken erasoengatik protesta egiteko.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak adierazpen bateratu bat sinatu dute Israelen erasoen aurrean haserrea adierazteko.
"Eraso horiek Israelen betebeharren urraketa larria dira, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 1.701 ebazpenaren eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren arabera", salatu dute Pafos hirian (Zipre) egindako MED9 goi-bileran.
Hiru estatuek azken erasoak gaitzetsi dituzte, eta "justifikaezinak dira eta berehala eten behar dira", gaineratu dute.
Gainera, Human Rights Watch (HRW) gobernuz kanpoko erakundeak Israel gizateriaren aurkako krimenengatik ikertzeko eskatu du, bake-indarren aurka egindako erasoengatik, "gerrako legeak urratzen dituztelako eta zibilen babesa arriskuan jartzen dutelako".
Gaur gutxienez bederatzi pertsona hil ditu Israelek Libano hegoaldeko herrien aurka egindako bonbardaketetan, eta Hezbollahk bere gain hartu ditu droneak eta koheteak erabiliz Israelgo iparraldearen aurka egindako hiru eraso, Libanoko hainbat iturrik jakitera eman dutenez.
Gainera, Israelen eraso batek Libanoko Armadako bi soldadu hil eta hiru zauritu ditu Libano hegoaldean, Libanoko agintariek zabaldu dutenaren arabera. Israelgo Armadak 205. Erreserbako Brigada Blindatua bidali du Libanoren inbasioan laguntzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Trumpek bertan behera utzi du Iranen aurkako erasoa, eta berehalako akordioa eskatu dio Teherani
AEBko presidenteak esan du erasoaldia bertan behera utzi duela, akordio baterako oinarriak adostu ostean, eta negoziazioek porrot eginez gero, "Bigarren Mundu Gerratik ikusi gabeko" indar militarra erabiliko duela ohartarazi du.
Haize bolada bortitzek hainbat sute elikatzen jarraitzen dute Atenaseko eskualdean
Hiriburutik 60 kilometro ipar-mendebaldera dagoen Porto Germenon sugarren kontra ari dira suhiltzaileak. Haizea da etsairik handiena une honetan; izan ere, bolada bortitzek sugarrak elikatu dituzte, eta egoera kritikoa da herrialde osoan.
Europar Batasunak premiazko bilera egingo du asteartean Ceutako migrazio krisia aztertzeko, barne ministroak bilduta
EBko Kontseiluaren buru den Irlandak ezohiko bideokonferentzia deitu du, Pedro Sanchezek eta Europako beste 22 liderrek idatziz eskatu ostean.
EBko 22 estatuk Ceutako migrazio krisiaren aurrean erantzun bateratua eskatu dute
Italiak eta Danimarkak bultzatutako gutunean, EBko Barne ministroen ezohiko bilera eskatu dute kanpo-mugen kontrola indartzeko, eta ohartarazi dute erregularizazio masiboek "erakarpen-efektua" izan dezaketela.
Von der Leyenen ustez, Europako mugen kontrola "are gehiago indartu behar da"
Europako Batzordeko presidenteak ohartarazi duenez, "adi egon behar dugu sarbide kritiko guztietan, eta agintari guztien arteko koordinazio estua izan". Era berean, “ikasgaien azterketa-prozesu bat" abiatzeko eskatu du, "Europaren erresilientzia hobetzeko".
Hamasek armagabetzeko akordioa berretsi du, baina Israel Gazatik erretiratzea jarri du baldintza gisa
Testuinguru horretan, talde palestinarrak berretsi du ez duela bere esku dagoen armamentua entregatuko Israel Gazako Zerrendatik erretiratu baino lehen.
AEBk Kuwaiten duen base militar baten aurkako erasoa aldarrikatu du Iranek
Irakeko Gobernuak ukatu egin du bere lurraldearen barruan erasoak baimendu izana, Estatu Batuetako presidenteak aste honetan ziurtatu ostean Saudi Arabiarekin batera eta Irakekin koordinatuta egin zituztela erasoak. Bestalde, Itsaso Gorria babesteko nazioarteko koalizio baten sorrera iragarri du Saudi Arabiak.
AEBk eta Saudi Arabiak Iranen aldeko miliziei eraso egin diete Iraken, drone bidezko eraso baten ondoren
Bonbardaketek Herri Mobilizazioaren Indarretako 20 kide hil eta 32 zauritu dituzte gutxienez, eta Irakek larrialdiko bilera deitu du tentsioak gora egin duelako.
Fujimorismoa itzuli da: Keiko Fujimorik presidente karguaren zina egin du
Alberto Fujimori presidente ohiaren (1990-2000) alabak laugarren saiakeran lortu du presidente izatea. Aurreko hauteskundeetan bigarren itzulian galdu zuen. Azken hamarkadan herrialdeak bizi izan duen ezegonkortasun politikoari aurre egin beharko dio, eta gobernatzeko akordioak lortu beharko ditu, ez baitu eta gehiengo osorik. Gainera, Keiko Fujimorik Trumpengana gerturatzeko asmoa duela iragarri du, eta horrek aldaketa ekar dezake politikan, Peruko ekonomiaren bazkide nagusia Txina baita.
Girondako sutea berraktibatu da fokuetako batean, eta beste 4.000 turista ebakuatu dituzte
Sutea gaur gauetik dago egonkortuta, baina agintariak fenomeno meteorologiko kaltegarrietarako prestatzen ari dira. Puntu horietako bat berriro aktibatu da haizearen norabidea aldatu da eta.