Israelgo Parlamentuak debekatu egin du errefuxiatuentzako NBEren agentziaren lana
Israelgo Parlamentuak debekatu egin du UNRWA errefuxiatu palestinarrentzako NBEren agentziak herrialdean eta lurralde okupatuetan jardutea.
Hain zuzen ere, Ganberako 120 diputatuetako 92k babestu dute debekua, tartean oposizioko alderdi batzuk, Haaretz egunkariak jakinarazi duenez.
Parlamentuko eztabaida tentsio handikoa izan da, eta agintean dagoen Likud alderdiko diputatu Tally Gotlivek eraso egin dio Ahmed Tibi diputatu arabiar-israeldarrari. Beste zenbait diputaturen artean ere borroka saiakerak izan dira.
Israelek legea justifikatu du UNRWAko 2.100 langile Hamas erakunde islamistako kide direla esanez; ez du, ordea, inongo frogarik aurkeztu.
Guterres: "Herrialdeek ezin dituzte nazioarteko betebeharrak aldatu"
Antonio Guterres NBEren idazkari nagusia "oso kezkatuta" azaldu da debekuarekin, eta gogora ekarri du Israelek nazioarteko zuzenbideak ezarritako "betebeharrak" dituela, hala nola nazioarteko lege humanitarioa eta NBEren jarduna blindatzen duen araudia. "Nazioarteko betebehar horiek ezin dira aldatu", azpimarratu du.
Guterresen hitzetan, "ez dago UNRWAren ordezkorik", agentzia hori baita "lurralde okupatuetako errefuxiatu palestinarrei oinarrizko laguntza helarazteko bide bakarra".
Aurrez, Australiako, Frantziako, Alemaniako, Kanadako, Hego Koreako eta Erresuma Batuko Atzerri ministroek "kezka handia" agertu zuten lege horiek aurrera egiten ari zirelakoan, eta Israeli "nazioarteko betebeharrak" betetzeko eskatu zioten, eta UNRWAri operazioekin jarraitzea ahalbidetzeko.
AEB bera ere, Israelen laguntza militar eta diplomatiko handiena dena, debekuaren aurka dago. Hilaren hasieran, Joe Bidenek gidatutako Gobernuak eskutitz bat bidali zien Israelgo agintariei, lege horiek onartzearen aurka agertuz; izan ere, Gazako laguntza humanitarioarentzako kolpea litzateke, eta Jerusalemgo milaka palestinarrei oinarrizko gizarte-zerbitzuak kenduko lizkieke, hezkuntza, besteak beste.
"Gazako laguntzaren bizkarrezurra"
UNRWA "Gazako operazio humanitarioen bizkarrezurra" dela adierazi du Jonathan Fowdler erakundeko bozeramaileetako batek, eta agentziaren lanik gabe 66.000 haur gazatarrek euren hezkuntza-beharrei erantzuteko gai den entitate bakarra galduko luketela nabarmendu du.
Gaza eremu suntsituaz harago, (non azken urtean Israelek 42.000 lagun hil dituen, gehienak emakumeak eta haurrak), Zisjordania okupatuan milaka palestinarrek beharrezko dituzten hezkuntza eta osasun zerbitzuak desegingo lirateke, eta Palestinaren eta Israelen arteko gatazkari irtenbide diplomatikoa emateko aukera arriskuan jarri.
2023ko urriaren 7tik, UNRWAko 220 langile baino gehiago hil ditu Israelek eta 190 instalazio kaltetu ditu erasoetan.
UNRWA 1950ean ezarri zuen NBEk, eta bost milioi errefuxiatu palestinar baino gehiagori —asko Israelgo Estatua sortzearen ondorioz desplazatutako ehunka mila lagunen ondorengoak— Gazako Zerrendan, Zisjordania okupatuan, Libanon, Sirian eta Jordanian bizi direnei gizarte-zerbitzuak ematen dizkie.
Zure interesekoa izan daiteke
Zibererasoa egin diete Belgika eta Suediako dozenaka supermerkatutako hozte-sistemei
Trumpek Kongresuaren kontrola izango du jokoan agintaldi erdiko hauteskundeetan
Bi petrolio ontzi gehiagok egin dute itsas minekin talka Ormuzen, Iranen arabera
Iliana Yotova hautagai errusiazaleak irabazi ditu Bulgariako presidentetzarako hauteskundeak
Hegazkin pribatu bat Palm Beacheko etxe-gune batean erori den unea
Erregaiaren prezioak kamioilariak estutu eta AEBko ondoez ekonomikoa larriagotzen ari da
Ehun bat zauritu eta 13 atxilotu Portugalen, etxebizitzaren aldeko kanpaldiak berriro hustu ondoren
Dozenaka kanpadenda jarri dituzte Erromako Koliseoaren aurrean, bizitzaren kostua garestitzearen aurka protesta egiteko
Manifestazio jendetsuak izan dira hirugarren larunbatez Frantzian, eta 500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte