SARE SOZIALAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

TikTok jada ez dago martxan AEBn

Trump agintera iritsi baino egun bat lehenago itzali da. Presidente hautatuak esan du "ziurrenik" 90 eguneko luzapena emango diola sare sozialari debekua eragozteko.
TikTok aplikazioko abisua, AEBn. Argazkia: EFE
TikTok aplikazioko abisua, AEBn. Argazkia: EFE

TikTok sare soziala jada ez dago martxan AEBn, Auzitegi Gorenak ostiralean Kongresuak iaz onartutako lege bati oniritzia eman ostean. TikTokek ByteDance enpresa nagusia utzi ezean ateak itxi beharko dituela agintzen du lege horrek.

AEBn 170 milioi erabiltzaile dituen sare sozialak mezu bat bidali die telefonora neurriaren berri emanez: "Sentitzen dugu, TikTok ez dago martxan uneotan". Erabaki hori Kongresuak onartutako legea dela-eta hartu dutela argudiatzen du.

Joe Bidenen Gobernuaren arabera, TikTokek bere kabuz hartu du erabakia. Auzitegi Gorenaren ebazpenaren ostean, Etxe Zuriak iragarri zuen ez zuela legea aplikatuko, eta Donald Trumpen esku geratuko zela kontua, kargua astelehenean hartuko baitu.

Hain zuzen ere, NBC katean egindako elkarrizketa batean, buruzagi errepublikanoak adierazi du "ziurrenik" 90 eguneko luzapena emango diola sare sozialari debekua eragozteko.

TikToken mezua legea indarrean sartu baino ordu eta erdi inguru lehenago iritsi da, larunbateko 22:30 aldera. Legea AEB ekialdeko 00:01ean sartu da indarrean, gaur.

Sare sozialean sartzen saiatuz gero, erabiltzaileek abisu hori ikusiko dute, eta horrekin batera, mezu hau: "Zortea daukagu, Trump presidenteak irtenbidea bilatzeko gurekin lan egingo duela hitzeman baitu. Adi egon zaitezte!".

Praktikan, legeak Appleren eta Googleren aplikazio dendetatik TikTok aplikazioa kentzeko agintzen du, eta plataformaren euskarri diren enpresei, Oracleri eta Amazon Web Serviceri tartean, harremanak eteteko.

Gainera, araua-hausteak isun ekonomiko handiak ekar ditzake: 5.000 dolarreko isuna erabiltzaile bakoitzeko.

2024ko apirilean onartutako legeak bederatzi hilabeteko epea ematen zion ByteDanceri AEBn zituen negozioak herrialdearentzat "etsaia" ez den norbaiti saltzeko, bestela urtarrilaren 19an, segurtasun nazionaleko arrazoiengatik, sare soziala debekatu egingo zutelako.

Bidenen gobernuarentzat eta legea sustatu zuten gainerako legegileentzat ezinbestekoa da TikTokek atzean uztea ByteDance enpresa nagusia, Txinako Gobernuak erabiltzaile estatubatuarren datuak kontsultatzeko eta herrialdeko debate publikoan eragiteko arriskua dagoelakoan.

Argudio horien aurrean, TikTokek dio beharrezko pribatutasun neurriak hartu dituela, eta ukatu egin du Pekinek propagandarako erabiltzeko arriskua egotea.

TikTokez gain, debekuak CapCut bideoak editatzeko aplikazioari ere eragin dio, ByteDancerena baita.

Trumpek neurrian atzera egitea erabakiko balu ere, legea indarrean dago. TikTok AEBn debekatu duten lehen sare soziala da jada.

Zure interesekoa izan daiteke

FOTODELDIA GAZA, 20/08/2026.- La población gazatí celebró este jueves un funeral masivo de 50 personas que murieron como resultado de la ofensiva israelí contra la Franja, entre ellas 19 niños y menores de edad, que fueron enterradas en un cementerio próximo al Hospital Shifa de la norteña ciudad de Gaza. EFE/MOHAMMED SABER
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan

Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X